GARA
DONOSTIA

Bereizketarik gabeko harreraren alde egin dute EAEko hiriburuetan

Errefuxiatuen Mundu Eguna zen atzo, eta hainbat kolektibok antolatuta, Bilbo, Donostia eta Gasteizen mobilizazioak egin zituzten arratsaldean. «Diskriminaziorik gabeko harrera» defendatu zuten, eta hainbat pertsonak Europara iristean topatzen duten arrazakeria salatu.

Diskriminaziorik gabeko harrera aldarrikatu zuten Donostian, besteak beste.
Diskriminaziorik gabeko harrera aldarrikatu zuten Donostian, besteak beste. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Errefuxiatuen Mundu Eguna zela-eta, atzo elkarretaratze bana egin zuten, hainbat kolektibok deituta, Gasteizen, Bilbon eta Donostian. “Izan gaitezen babes. Bereizketarik gabeko harrera” lelopean, migratzen duten pertsonen giza eskubideak errespetatu daitezela exijitu zuten.

Zehar Errefuxiatuekin erakundearen arabera, hiru hiriburu hauetan 400 pertsona inguru mobilizatu ziren. Erakunde hori da Errefuxiatuen Mundu Egunerako 28 kolektibok sinatu zuten manifestazioaren sinatzaileetako bat, Ongi Etorri Errefuxiatuak, SOS Arrazakeria eta Hiritarron Harrera Sarearekin batera, besteak beste.

Manifestuan gogoratzen dutenez, 2023an 3.155 pertsona hil edo desagertu ziren Mediterraneoa gurutzatu nahian. Aurten, maiatzaren 31ra arte jasotako datuen arabera, 923 hil dira Europarako bidean, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen proiektuaren arabera. Guztira, azken hamar urteetan 29.827 pertsona hil edo desagertu dira Mediterraneoko uretan.

Kolektiboek agertzen dutenez, iaz 6.153 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn. Aurten, apirilaren 30era arte, 3.300 eskaera erregistratu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Gainera, jatorrizko herrialdeetan pairatzen duten indarkeriatik ihes egiten duten pertsonek, mobilizazioak deitu dituzten erakundeek gaitzetsi zutenez, «arrazakeria eta diskriminazioa» jasotzen dute Europara iristen direnean.

Jarrera horiekin amaitu behar dela iritzi diote, eta «diskriminaziorik gabeko harrera» egin behar dela esan zuten. «Funtsezkoa da herritarrak sentsibilizatzea eta heztea egoera horiek desagerrarazteko eta gizarte askotarikoak, inklusiboak eta bidezkoak eraikitzeko», adierazi zuten.

Manifestuaren sinatzaileek bizikidetza sustatzeko hainbat neurri proposatu zituzten; besteak beste, migratzaileak eta errefuxiatuak Estatu espainiarrera eta Euskal Herrira bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izango direla bermatzea, pertsona guztiek asilo eskubidea izango dutela bermatzea eta itsas salbamendu humanitarioa eskaintzen duten erakundeen kriminalizazioa eta jazarpena behingoz desagerraraztea.

EBREN ITUNA

Errefuxiatuen Mundu Eguneko mobilizazioetan, joan den maiatzean Europako Batasunean onartu zen Migrazio eta Asiloari buruzko Ituna gogor kritikatu zuten herritarrek; leku seguru batera iritsi nahi duten pertsonen bizitzei «prezioa jartzen dien ituna da», agertu zutenez.

«Migrazio eta Asiloari buruzko Itunak Europako mugak eskubiderik gabeko guneak izan daitezen ahalbidetzen du», salatzen dute manifestua sinatu duten 28 taldeek.