GARA
HERNANI

Berritasunez beteta datoz aurten Hernaniko sanjoanak

Ohikoa den bezala, San Joan bezpera arte ez dute botako txupina Hernanin. Aurten, beraz, etzi egingo dute eta Urumea txaranga izango da arduraduna. Bost egunez luzatuko dira festak.

Asteartetik aurrera goizero egongo da azeri dantza, 9.00etan.
Asteartetik aurrera goizero egongo da azeri dantza, 9.00etan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Beste urte batez, Hernaniko Udalak eta Jai Batzordea osatzen duten eragileek elkarlanean prestatu dute sanjoanetako egitaraua, «herritar guztientzako gozagarri» izango den itxaropenarekin. Aurkezpen egunean Aitor Huizi Kultura zinegotziak antolatzaileen lana eta esfortzua eskertu zituen eta jaiak «askatasunez, plazerez eta errespetuz» gozatzeko deia egin zuen.

Egitaraua etzi hasi eta 27ra bitartean luzatuko da, eta guztira 72 ekintza izango dira. Aurreko egunetan, hala ere, festen usaina ekarri duten hainbat ekitaldi izan dira, tartean San Joan jaietako preludioa eta udako solstizioaren inguruko ikuskizuna Chillida Leku museoan, aurten eskultorearen mendeurrenaren ospakizunekin bat eginez.

Txosnen irekierak ere aurre hartuko dio txupinazoari, eta bihar zabalduko dira, arratsaldeko 19.00etan.

URUMEA TXARANGA

Etziko egitaraua gazteen azeri dantzarekin zabalduko da, eta jaien hasiera ofiziala eguerdian izango da, aurten 25 urte bete dituen Urumea txarangako kideek botako duten txupinazoarekin. Jai Batzordeak eskertu egin nahi izan du mende laurden honetan egindako ibilbidea, herriko hainbat ekintzetan parte hartu izan baitute: inauterietan, sanjoanen hasieran, kaldereroetan, inude eta artzainetan, auzoetako danborradetan…

San Joan bezperako egitarauak arratsaldean jarraituko du ohiko ekitaldiekin: San Joan erronda, akelarrea, San Joan sua, aurreskua eta kantaita, danborrada...

BERRIKUNTZAK

Tradizio kutsuko ekitaldiez gain, aurten izango da hainbat berrikuntza. Lehena, inklusioaren bidetik datorrena. Izan ere, hainbat herritarrengan suziriek sortzen dituzten eragozpenak kontuan hartuta, aurtengo jaietako programan suziriak noiz botako diren jakinaraziko da, ikono berezi bat erabiliz. Horrez gain, Udalak txupinazoan botatzen den suziri kopurua gutxitzeko konpromisoa ere hartu du.

Beste berrikuntzetako bat pilota partida profesionalen jaialdia izango da. Txirri pilota elkarteak antolatuta, ekainaren 25ean, arratsaldean, izango da udal pilotalekuan. Lau partida izango dira denera eta dagoeneko sarrera guztiak agortuta daude.

Bestalde, aurtengo sanjoanetan Herburu erraldoi eta buruhandien konpartsak abesti propioa eta dantza estreinatuko ditu. Haritz Ezeizak eta Leire Goñik sortu duten “Segi bihar dantzan” kanta konpartsaren irteera guztietan entzungo da, udaletxera sartzeko agur modura.

MUSIKA EGUN GUZTIAN ZEHAR

Musika arloari dagokionez, aurten ere talde ezagunak eta musika estilo anitzak izango dira gauak alaitzeko asmoarekin. Besteak beste, Zetak, Eire, Bengo eta Puro Relajo; Itzal, Iratzar eta Oinkada taldeak; edota The Nord Tech musika elektronikoa. Ahaztu gabe, noski, Urumea, Xalaparta, Santa Barbara, Iraunkorrak, Beti Egarriak eta Incansables txarangak, Zuttik elektrotxaranga, Musika Eskola Publikoko ikasleen taldea, Kantuz eta Ozenki abesbatzak, Hernaniko Musika Banda, txistulariak, dultzaineroak, Fermin Valencia eta Revuelta anaiak... bost egunetan zehar.

Festak, ohi bezala, zezensuzkoarekin bukatuko dira, datorren osteguneko gauerdian. Hemen ere izango da berrikuntzarik, aurten Udalak zezensuzko berriak erosi baititu eta sanjoanetan izango baitute estreinaldia.