Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

ETE LIGAKO BANDEREN LEHIAN, AULKI JOKO ESTUA

Zortzi ontzi lehiatuko dira ETE ligan. San Juan da berritasun nagusia, bueltan da bi urtez lehorrean egon ostean. Asteburu honetan hasiko dute liga: erlojupekoan arituko dira bai bihar Astilleron, bai etzi Pasai Donibanen. GARAk Zumaiako, Zarauzko, San Juango eta Deustuko arraunlari banarekin hitz egin du.

ETE ligako Zumaia eta Zarautz ontziak, Euskotren Ligako Hibaika eta Hondarribiarekin, Gipuzkoako Txapelketan.
ETE ligako Zumaia eta Zarautz ontziak, Euskotren Ligako Hibaika eta Hondarribiarekin, Gipuzkoako Txapelketan. (Jon URBE | FOKU)

Iaz ETE ligan Zumaia eta Kaiku ibili ziren banderen lehian, baita amaieran Zarautz ere. Aurten, berriz, aulki joko estuagoa egongo dela uste dute zenbait ontzik. «Banderak irabazteko gero eta hautagai gehiago daude: batzuk goi-goian daude, eta beste batzuk, berriz, hara heltzeko pausoa eman dute edo ematen ari dira», esan du Jone Oliban (Lemoiz, 1992) Deustuko arraunlariak. Kaiku, Zarautz, Zumaia eta San Juan dira zerrendan lehenak izendatu dituenak. “Bizkaittarrak” irabazi zuen iaz ETE liga, “Telmo Deun” ontziak bigarren egin zuen, eta “Enbatak” hirugarren. Amaia Manterola (1988, Zarautz) Zarauzko arraunlariak ez du hain garbi ikusten: «Ez dakit hainbeste ontzi egongo diren banderen lehian, Zumaiak alde handiarekin irabazi baitu azken estropada».

Manterolaren bide beretik, Maddi Guereño (Pasai Donibane, 2005) San Juango arraunlariak ere uste du Zumaia goran ibiliko dela, baita Kaiku ere: «Zumaiarekin batera, espero dut gu ere hor ibiltzea, eta apustu egingo nuke Kaikurengatik. Iaz trainerua zerotik atera zuen eta sekulako denboraldia egin zuen. Zarautzen iazko azken txanpa ikusita, non lau bandera eraman zituen, sorpresa baten bat ere eman dezake. Indartsuenak Kaiku eta Zumaia ikusten ditut». Joan den urtean bezala, aurten ere zortzi traineru lehiatuko dira bigarren mailan: Kaiku, Zumaia, Zarautz, Deustu, Astillero, Ondarroa, Hernani eta San Juan. Iaztik aldaketa bat dago. Portugaleteren ordez, “Batelerak” trainerua bueltan da, bi urtez lehorrean egon ostean. «Zerotik hasteko talde bat izanda, denboraldiaurrea oso ondo joan da», esan du Guereñok

MAREA ARROSA «BERPIZTU»

San Juan talde historikoetako bat da; 2014tik 2018ra bitartean bost Emakumeen Traineru Liga lortu zituen, baita beste hainbeste Kontxako Bandera ere. Jubenilak eta seniorrak batu dira trainerua ateratzeko. «Talde historiko bat berriro ere martxan jartzea ez da erraza. Jendea behar da, ordu asko dira eta talde oso gaztea da. Zailtasunak izan ditugu uretara ateratzeko, baina denboraldiaurrea oso ondo joan da, motibatuta gaude». Marea arrosaren sentimendua berpiztu nahi dute herrian, eta Guereñok uste du jada lehen pausoa eman dutela: «Soilik ikustea mutilek zer denboraldiaurre egin duten eta neskek trainerua atera izana... Uste dut herriak eduki beharko lukeela txispa hori barruan». Gainera, igandeko estropadan bigarren pausoa eman dezakete Pasai Donibanen, «herria pizteko». Etxean «lan txukuna» eginez gero, herriari «hauspo handia» emango dio: «Asko falta zaion goraldia emango genioke herriari. Urte pila bat goaz emaitzarik ikusi gabe, edo espero dena edo herriak nahi duena lortu gabe Herriaren babesa falta zaigu, eta ikusten badute ondo gabiltzala, babesa handitu egingo da».

NEGU «ESKASA»

Jaitsierei dagokienez, negu «eskasa» izan dute ETE ligako traineruek, estropada batzuk bertan behera geratu baitira eguraldiagatik. Deustukoak, adibidez, bateletan ibili dira, baita trainerilletan eta banku mugikorrean ere. Denboraldiaurrean gutxi lehiatzeak ligara begirako haien jarduna baldintzatu ote duen galdetuta, gehienen erantzuna ezezkoa izan da. Bat kolokan dago. Gehienbat jende gaztea dago, jubenilak gero eta lehenago sartzen dira trainerura. “Telmo Deun” ontziko patroiak adierazi du «berdin-berdin» entrenatzen jarraitu dutela, eta Gipuzkoako Txapelketa izan zen neurgailurik onena ikusteko bide onetik doazela. Bosgarren egin zuten, Euskotren Ligako Hondarribia eta Hibaika ontzien aurretik.

Zarautzek, berriz, ezin dezake gauza bera esan. Manterolak nabarmendu du ez dakitela «oso ondo» non dauden, hiru estropada besterik ez baitituzte jokatu.

ZUMAIA, GORENGO ONTZIEN AURREAN

Traineruen lehen lehia ofizialei begiratuta, “Telmo Deun” traineruak egin du distira gehien. Gipuzkoako Txapelketan Hibaikaren eta Hondarribiaren aurretik sailkatu ostean, Euskadikoan laugarren egin zuten, besteak beste, Tolosaldea eta Kaikuren aurretik. «Eguraldia oso txarra zegoen. Oriorekin batera atera ginen, ahal genuena egin genuen, eta gustura geratu ginen», adierazi du taldeko lemazainak. Iazko denboraldi «ezin hobearen» ostean, aurtengo helburua bide horretatik segitzea da, Jimenezen esanetan: «Gora begiratu nahi dugu, baina hankak lurrean izanda, eta inongo momentutan hazi gabe. Lanak ondo eginez gero, badakigu gure lekua zein izango den. Ligako goiko postuetan ibili nahi dugu, eta berriz ere kanporaketetarako txartela lortu».

Zumaiaren antzera, Zarautzek ere lehengo urteko denboraldia «berdindu edo hobetu» nahi du. «Etxeko lanak eginda ditugu. Egin ditugun estropada gutxi horietan nahiko txukun aritu gara. Espero dugu arraunketarekin disfrutatzea, gogotsu gaude hasteko», adierazi du Manterolak. Deustuk, berriz, ez dio bere buruari helbururik jarri nahi. Olibanek adierazi du goiko aldean egon nahi dutela, baina liga hasten denean ikusiko dutela: «Orain arteko emaitzak nahiko apalak izan dira. Baina liga beste kontu bat da. Orain arte egin ditugunak itsasoan izan dira, eta badakigu itsasoan ez garela hobekien moldatzen. Liga ibaian hasten da». Sanjuandarrek, ligan «ahalik hoberen» ibili nahi dute, eta banderaren bat irabazi.