MIKEL AGINAGALDE
HERNANI
Elkarrizketa
J.R. Berrondo, L. Mitxelena, I. Iribarren, I. del Rio
Urumea txaranga

«Ondo pasatzeko eta herrigintza indartzeko tresna da txaranga»

(M. A.)

Mende laurden bete du Urumea txarangak, 25 urteko ibilbidea Hernaniko kaleak girotu eta alaitzen. Urteurren hori ospatzeko, 2024ko sanjoanetako hasiera ekitaldiko suziria jaurtitzeko ohorea izango dute.

Nola bizi duzue suziria jaurtitzeko aukera?

Pozik, gogotsu eta ilusio handiarekin. Hainbeste urte pasa ondoren Urumea txarangak bizirik dirauela ikusteak poztasun handia ematen digu, eta erakusten digu txarangako kideek gizatasun handia dutela.

Modu horretan omenduak izateak esanahi berezia du?

Musikari gehienak hernaniarrak izanda, guretzat ohore handia da horrelako omenaldi bat jaso ahal izatea eta egindako ibilbidea Hernaniko herriak guri aitortzea. Guk herritarrei eskaini dieguna haiek guri itzultzeak asko pozten gaitu.

Asko duzue ospatzeko, beraz. Ekainaren 23an, festaren atarian, luntxa egingo dugu Udaletxean eta ondoren suziria jaurtiko dugu. Gauean, aldiz, afaria izango dugu egungo txarangako kideek eta partaide historikoek elkarrekin, eta jarraian, betiko legez, musika instrumentuak hartu eta kalez kale ibiliko gara festa girotzen. Horrez gain, Imanol Iribarrenek Hernaniko doinu ezagunei keinu egiten dien kalejira berri bat sortu du 25. urteurrenaren harira, eta lehen egun horretan estreinatuko dugu publikoki.
Ibilbide luze honetan, zein izan da zuen helburua?

Guk eta gurekin elkartzen direnek ondo pasatzea da helburu gorena. Gainera, gure izaera Hernaniko herriari lotua dago erabat, hau da, herritik jaio eta herriarentzat sortutako txaranga gara, eta zentzu horretan herrigintza ere egiten dugu. Beraz, ondo pasatzeko eta herrigintza indartzeko tresna da txaranga.

Ba al dago belaunaldi erreleborik?

Jakina baietz. Urumea Txarangan adin ezberdinetako kideak biltzen gara. Baina horrez gain, belaunaldi gazteak urtetik urtera txarangarekin harremana izaten hasten dira. Hernaniko Musika Eskolan ikasten ari diren gaztetxoak dira gehienak, eta urtean bi edo hiru aldiz irteten dira gurekin jotzen.

Zein dei luzatu nahi diezue jaietara bertaratuko direnei?

Ondo pasatzeko deia luzatu nahi diegu herritar guztiei; eta zentzu horretan, txarangen atzean jarri eta denok batera disfrutatzeko eskatu nahi diegu. Esan behar dugu txaranga festa bizitzeko beste modu bat dela, taberna zuloan sartu gabe. Zuzeneko musikaz gozatzeko aukera paregabea da adin eta jatorri ezberdineko pertsonekin, eta horrek xarma berezia ematen diola azpimarratu behar dugu.