G.I.
HERNANI
MEMORY

Oroimenaren zirrikituetan galduta

Michel Franco mexikarraren lan berria iritsi da eta, bere aurreko lanek eragin zutena ikusita, argi dago aurkako zein aldeko iritziak jasotzen ohitua dagoen zinemagilea dela. Batzuek bere filmografia deseroso eta probokatzailea maite dute, besteak, aldiz, aurkako kanpaina mediatiko bati ekiteko prest azaldu dira -“Nueva Orden” filmarekin, adibidez-. Askok diote zinema mexikarra ikusteko modua goitik behera aldatu duela. “Memory” film berriarekin iritzi positibo nahiko bateratuak jaso ditu.

Istorio honetan, alde batetik Sylvia ezagutuko dugu (Jessica Chastain); gizarte-langilea da eta, alkoholarekiko mendekotasunaren pisu traumatikoa jasaten duen arren, beste oinaze sakonago bat ere ezkutatzen du. Beste protagonista dementzia goiztiarra duen Saul (Peter Sarsgaard) da. Bien arteko “ustekabeko” topaketaren ondorioz iraganerako ateak parez pare irekiko dira. Veneziako Mostran aurkeztu zuten filma -Sarsgaard-ek Volpi Kopa irabazi zuen-, eta bertan, New Yorken gertatzen den film honi buruz zinemagileak azaldu zuen ez duela interesik pertsona edo bizitza perfektuak erakusten dituzten istorioak jorratzeko: «Idaztean gizartean ikusezinak diren pertsonengan arreta jartzea gustatzen zait».