GARA
IRUÑEA

Suaren gainetik salto egiteko prest dira Nafarroan

Nafarroako herri eta auzo asko dira igande gauean San Joan sua piztuko dutenak uda sasoiari ongietorria emateko, horien artean daude Arbizu eta Barañain. Sakanan igandean bertan abiatuko dira jaiak, eta Arga ondokoan, asteazkenarekin hasiko dira.

Barañaingo festazaleak, txupinazoa bota zuten momentuan, iaz.
Barañaingo festazaleak, txupinazoa bota zuten momentuan, iaz. (Iñigo URIZ | FOKU)

Arbizun, ohikoa den bezala, San Joan bezperako brindis eta suziriarekin hasiko dituzte jaiak etzi, eta ondoren herritarrak San Joan ermitara abiatuko dira bertan bezperak ospatzeko. Eguna behar bezala amaitzeko, San Joan suaren gainetik salto egingo dute.

Aurtengo jai egitaraua aste osoz luzatuko da, datorren larunbatera arte, eta egun bakoitzak bere protagonista izango du. Horrela, ekainaren 24an, astelehenean, San Joan eguna ospatuko dute, asteartean jubilatuen eguna, asteazkenean gazteen eguna, ostegunean haurren eguna, ostiralean kintoen eguna, eta larunbatean «denok etxera» eguna. Egun bakoitzak bere bereizgarriak izango ditu, beraz, aurtengoan ere Sakanako herrian.

Gauero erromeriak izango dira honako taldeekin: Trikiteens, Destino Sonora mariatxiak, Itzal taldea, Nikotina, Yugular eta DJ Bull, Joselu Anayak, DJ Etxo eta Eztitan.

Arbizuko Udalak eskerrak eman dizkio urte hasieratik «ahalik eta festa parte-hartzaile, berdinzale eta anitzenak antolatzen» ibili den jai batzordeari.

EKAINAREN HONDARREAN

Barañainen ere ez da faltako San Joan surik, baina oraingo honetan egitarau ofiziala zein txosnetakoa ez dira ekainaren 26ra arte hasiko, ohikoa den moduan herriko jaiak ekaineko azken asteburuan ospatzen baitira, asteazkenetik igandera bitarte.

Txupinazoa, beraz, datorren asteazken arratsaldeko 19.00etan botako dute eta, bost egunez, aspertzeko denborarik ez da izango han eta hemen. Egunero ez dira faltako dultzaineroak, txarangak eta berbena taldeak zein DJak, ezta bigantxak, zezensuzkoak eta piroteknia ikuskizunak ere.

Ostegunean, ekainaren 27an, haurrei zuzendutako ekitaldi ugari izango dira, eta arratsalderako bertso saioa dago iragarrita Aissa Intxausti, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Barañaingo Beñat Astiz bertsolariekin.

Ostiralean, berriz, helduei zuzendutako ekintzak izango dira, baita pilota partidak ere, eta larunbatean erraldoi eta buruhandien topaketa izango da, baita kalderete txapelketa ere. Igandean, azkenik, artisautza azoka izango da, baita musika eta dantza emanaldi ugari ere.

Txosnetako egitaraua ere ekintzez beteta dator aurten, eta ez dira faltako herri bazkariak, sagardo dastaketa, afari-meriendak, belaunaldi arteko jokoak, kalejirak, antzerkiak eta kontzertuak.

Igande gauerdiko “Gaixoa ni”-k eta azken trakak emango diete amaiera aurtengo jaiei.