Peli LEKUONA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Itziar mujika
Osakidetzako erizaina

«Osakidetzak prestigioa galdu du, bai, baina batzuek ez ote dute hala gertatzea nahi izan?»

Osasun Publikoaren Aldeko plataformak protesta egin zuen ostegunean Gasteizko Parlamentuan. Bertan izan zen Itziar Mujika erizaina, eta atzo NAIZ Irratian kontatu zituen Osakidetzaren inguruan dituen kezkak. Egoera iraultzeak ahalegin handia beharko duela uste du, eta urtetan erakundeetatik interes pribatuen alde jokatu dela gehitu zuen.

Itziar Mujika, Osakidetzako erizaina.
Itziar Mujika, Osakidetzako erizaina. (GARA)

Osakidetzan lan egiten du Itziar Mujikak. Erizaina da eta azal propioan bizi du Osakidetzaren egoera kaxkarra, baita larrutik ordaindu ere. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoak dituen gabeziak konpontzeak denbora beharko duela dio: «Ez dago miraririk». Erizainek egoera apaltzen egin dezaketen ekarpenari buruz galdetuta, laguntzeko prest direla azaldu zuen, baina, horretarako, formakuntza eta babes juridiko falta dagoela nabarmendu zuen.

«Gu oso salduta gaude», aitortu zuen Mujika erizainak atzo NAIZ Irratian. Euskal Herrian dauden zerbitzu publikoei garrantzia ematen die, balioesten ditu, baina begiak zabaltzeko ordua dela uste du: «Zerbitzu asko ez daude zerbitzu publikoen eskuetan. Murrizketa eta pribatizazio hitzak ez dituzte gustuko eta beste eufemismo batzuk erabiltzen dituzte». Eta azaldu zuen, zenbait zentrok Osakidetzaren ikurra izan arren, ez dituztela Osakidetzaren zerbitzu zuzenak eskaintzen.

Osakidetzaren egoera okertzen ari den bitartean, sektore pribatua gero eta hobeto dagoela adierazi zuen. Eta kezka agertu zuen, «sistema publikoaren desmantelamenduaren atzean» interes pribatuak ez ote dauden zalantza eginda.

MURRIZKETAK

Udan Osakidetzan izango diren murrizketen inguruan ere mintzatu zen. Kontatu zuen oraingoan publikoki esan dela zenbat zentro itxiko dituzten udan, murrizketak zenbatek jasango dituen, baina murrizketa horiek egunerokoan gertatzen ari denaren «jarraipena besterik ez» dela esan zuen; «herritar guztiak elkartu ezean, aski dela esateko, horrela jarraituko dute», baieztatu zuen.

«Osakidetzak prestigioa galdu du, bai, baina ez ote dute hala gertatzea nahi izan?», hausnartu zuen. Izan ere, aitortu zuen oso zaila dela Osakidetzan artatua izatea, «espezialista bat behar baldin baduzu. Nahiz eta borrokatu, azkenean desesperatu eta pribatura joaten zara».

LANGILEEN EGOERA PREKARIOA

Erizainen edo bestelako langileen egunerokotasuna gorabeheratsua dela esan zuen. Erizainen kasua «kate bat» dela adierazi zuen: «Sendagile gutxi badaude, erizainak behartuta gaude erabaki batzuk hartzera. Lanera estresatuta joaten gara. Lehen arretako baloreak galtzen ari dira, eta dena momentuko arazoak konpontzea da...».

Beste adibide zehatz bat ere eman zuen, idazkariena: «Nik lan egiten dudan lekuan, idazkari arduradunak Osakidetza utzi du. Lakuako administraziorako oposizioak prestatuko ditu. Batzuetan gure osasun mentala eta estresa neurtu eta lanera beste leku batera joatea erabakitzen dugu, nahiz eta soldata txikiagoa izan».