Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Testigantzak I

Ikasle nintzela, unibertsitateak antolatutako konferentzia batera hizlari etorri zenean izan nuen lehen aldiz Eyal Weizmanen lanaren berri. Gerora maiz jo dut arkitektura forentsikoa (arkitekturako teknikak eta teknologia erabiltzea estatu indarkeria eta giza eskubideen urraketa kasuak aztertzeko) ardatz duten bere txostenetara.

Epaitegietan estatuek egindako abusuak onartuak izateko zailtasunez mintzatu zen hitzaldi hartan, batik bat estatu horiek Europan, Ipar Amerikan, edota haien aliatu estrategikoak direnean. Berdin du zenbat biktimen testigantza dauden tartean; zalantzan jarri eta baliogabetu daitezke objektibotasunaren izenean, onartuak baldin badira.

Azken hori da, hain zuzen, oztopo nagusia. Biktima ukaezina hildako hori dela pentsa daiteke, haren gorputza delako krimenaren froga. Hildako gorputzaren interpretazioa korapilatsua da, ordea, bizirik zenean gorputz hori berau ulertzeko mekanismoek baldintzatuta egongo baita.

Beste modu batera esanda: bizirik zenean ahotsik ez zuenari nekez utziko diote hitz egiten hil duten horiek. Horra Weizmanek azaldutakoa. Arkitektura forentsikoak ez du biktima ordezkatu edo haren sufrimendua gutxietsi nahi. Froga osagarri moduan ekin zion Weizmanek arlo horretan ikertzeari jaioleku eta garai batean bizitoki izandako horretan: Israelek okupaturiko palestinar lurraldeetan.