Surflari ernegatua

Idioten eredua

Nola da posible kultura maila orokorra hain eskasa izatea surf munduan? Erantzuna erraza da, heziketa politikorik ez duenak ez du oinarririk parean duena bere osotasunean ikusteko. Grezian «idiotes» deitzen zioten analfabeto politikoari, hortik dator «idiota» hitza. «Analfabeto okerrena» zen ezjakin politikoa. Idiota deitzen zioten komunitateko gauzetan parte hartzen ez zuenari, gertakari politikoetan parte hartzen ez zuenari edo «bizitzaren balioa» ezagutzen ez zuenari.

Sare sozialetan surflari ezagun asko jarraitzen ditut. Podcastak entzun eta bideoak ikusten ditut, eta txundituta geratzen naiz haietako askok hiritar gisa dituzten erantzukizunei iskin egiteko erabiltzen dituzten sasi argudioekin. Badirudi surflariak beti irribarre bat eduki behar duela ahoan, «positiboan» hitz egin eta inor mindu gabe mintzatu behar dela. Surflari idilikoa komunitateko arazoetan nahasten ez den eta gizartetik at bere bidea egiten duen hippy alaia da, «apolitikoa» eta «munduko hiritarra». Alegia, bere existentzia sustengatzeko «hirugarren mundua» esplotatzera kondenatua dagoen kontraesanik gabeko «idiotes» bat da.

Adibidez, modan jarri da «eredua emateko» uretatik irten eta lehorrera bidean hondartzan aurkitutako plastiko zati bat jasotzea eta ikusleei gauza bera egiteko eskatzea. Ongi iruditzen zait hondartzan aurkitutako Coca-Cola lata jasotzea, esan beharrik ere ez dago hiritar gisa dugun egin beharretako bat dela ingurumena zaintzea. Ordea, besteoi zer egin behar dugun esaten diguten horiek ez dute Coca-Cola enpresaren existentzia zalantzan jarriko, edo agian lata zakarrontzira bota ostean urteko hogeigarren hegazkina hartzera doaz. Edo Ramsteinen kontzertuan ateratako argazkian artilez egindako kamiseta ekologikoa erakutsiko dute, ustez ingurumenaren alde ari direlakoan, haien ekintzetan inongo kontraesanik ez baitute ikusten. Izan ere, egun indarrean den eredu kutsatzaile eta gerrazalearekin bat egiten duenak ez du kontraesanik.

Oinarrizko beharrak eta kapritxoak bereizteko gai ez garenean, huskeriak beharrezko bilakatzen dira eta begirada metro bateko distantziara mugatzen da. Nola azaldu heziketa politikorik ez duen norbaiti hegazkin bat hartzea lata bat lurrera botatzea baino mila bider kaltegarriagoa dela? Coca-Colak, funtzionatu ahal izateko, lurrari eta gizateriari egiten dion kaltea erraldoia dela, edo Ramsteinek eskainitako kontzertua ikustera joateak beharrezkoak ez diren gauzen gailentzea onartzea suposatzen duela. Doako kutsadura dela.

Faltan botatzen dut, esaterako, apartheid sistema salatzeko 80ko hamarkadan Hegoafrikan lehiatzeari uko egin zioten surflari profesionalen eredua. Izan ere, luxua eta beharra bereizten ez dituztenak eredu bilakatzen direnean, eredua idiota bat da.