Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Atez ateko lana Ipar Euskal Herrian, frantziar pantailei zeharka begira

Asanblea Nazionalerako bozen atarian, hostopil baten antza duen kanpaina aurrera doa. Ipar Euskal Herrian, azokaz azoka eta atez ate, alderdiak egiten ari diren kanpainak zerikusi gutxi du Estatuko pantailetatik barreiatzen ari den mehatxu zaparradarekin.

Peio Dufau eta Marie Heguy-Urain NFPko hautagaiak propaganda banatzen, Donibane Lohizunen.
Peio Dufau eta Marie Heguy-Urain NFPko hautagaiak propaganda banatzen, Donibane Lohizunen. (GARA)

Astebete eskas falta da jakiteko Emmanuel Macronek bozak aurreratzeko hartutako erabakiak panorama politikora nolabaiteko argitasuna ekarriko duen edo, horren ordez, areago ilunduko ote duen.

Joan den asteburuan plazaraturiko inkestek ez diote mesederik egin agintari liberalari. Ondorio borobilak atera ahal izateko goizegi bada ere, gaur-gaurkoz ez da inondik inora agertzen Macronek salbamendu-taula gisa irudikatu duen «hirugarren eremu moderatu baten susperraldia».

Elabe eta Infop inkesta- etxeen ikerketak bat datoz frantziar presidentearen onarpen maila behera doala. Bai Emmanuel Macronek, baita bere lehen ministro Attalek ere, lauzpabost puntu galdu dituzte kanpaina hasi zenetik.

Hortik aurrera, berritasun gutxi. Le Pen-en Batasun Nazionalak (RN) bere nagusitasunari heltzen dio, boto asmoaren %35-36 biltzen duelarik. Bigarren tokian agertzen da Fronte Herritar Berria (NFP); %27 eta %29,3 arteko boto-portzentajea aitortzen diote inkestek.

Macronen Renaissance alderdiak boto-asmo apalagoa du: %19,5 eta %20 artekoa, hain zuzen ere.

“Je Journal du Dimanche” Vincent Bollore magnatearen igandekariak Jordan Bardella ultraeskuindarrari eskaini zion igandean lehen orrialdea, kasik dena erabakita dagoen sentsazioa finkatzeko, agian. Barruko orrialdeetan, erabateko gehiengoa galdetu zuen Bardellak Matignonen agintea hartzeko. Beste hainbeste egin zuen atzo, bere programa aurkezteko agerraldian. Zentsura-mozioaren mehatxupean ez egoteko, gehiengo erosoa eskatzen du RNko buruak «frantziar lehentasuna» ardatz duen bere politika garatzeko.

Prentsan, telebista kateetan eta, zer esanik ez, sare sozialetan, eskuin muturrari aingeru irudia emateko operazioa fase erabakigarrian sartu da. Aldi berean, Bollorek mugitzen duen inperio mediatikoaren talaia horiek Jean-Luc Melenchon eta Frantzia Intsumisoaren (LFI) aurkako bonbardaketa gauzatzen ari dira.

Demokrazia berritzeko egitasmoa garatzeko ardura duen ministro Prisca Thevenot-ek ezkerraren aliantzari «hesia ezartzera» deitu du. Hala, eskuin muturrari bidea oztopatzeko asmaturiko akordio errepublikazalea ezkerraren politikak egia bilaka ez daitezen erabiltzera ausartu da, ministroa bezala, Macron bera ere, herritarrei zuzenduriko eskutitz batean.

Hain da handia jauzi hori, ezen zaila baita oraindik ere bere sakoneko eragina neurtzen. Edonola ere, ezkerra deabrutzeko operazioa fase erabakigarrian sartu da.

TOKIAN TOKIKO KANPAINA

Nola sumatuko dira mugimendu horiek guztiak heldu den igandean Ipar Euskal Herrian?

Hiru euskal lurraldeetan kanpaina askoz giro lasaiagoan badoa ere, zaila da jakitea pantailetatik norabidetutako mezu ilunen galeriak norainoko distortsioa sor lezakeen.

Fronte Herritar Berriak «dinamika berezia» piztea lortu du, kanpainaren lehen zatian egin dituen aurkezpen publikoetan bildu duen jendetza ikusita.

Bestalde, jatorri eta ibilbide ezberdineko militanteak eskuz esku kanpaina egiten ikusteak ezohiko mezua igortzen du.

Egunero, karriketan, plaza zein azoketan, jendearekin solasean, azaldu dira hiru euskal barrutietan NFPk aurkeztu dituen hautagaiak.

Izan ere, askoz oharkabeago pasatu ohi den beste ekimenak garrantzi handia hartu du, atez atekoa baita Estatu mailan jokatzen diren boz horiek bertaratzeko, eta tokian tokiko asmoen arabera biziarazteko, lan molde nagusia.

Oso denbora gutxian eratu duten aliantzaren nondik norakoak azaltzeko parada baliatzen dute ate-joka dabiltzan NFPko militanteek. Bestalde, ziurgabetasun sozioekonomikoa bere mezua sukalderaino sartzeko baliatu duen eskuin muturrari buruz diagnostiko errealak eta zehatzak egiten lagundu dezake atez atekoak.

RNren ikurrean agertzen den hiru koloreko zuzia itzaltzeko gai izanen den enbata altxatuko da ondoko egunetan Ipar Euskal Herrian? Hala bada, esperantza ate joka izanen da.