GARA
DONOSTIA

Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri diote EHUko katedradun bati

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun bati bederatzi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko salak, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, prebarikazioagatik, dokumentu publikoak faltsutzeagatik eta Administrazioari iruzur egiteagatik.

Haren emazteari ere bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio EAEko Auzitegi Nagusiak, Administrazioari iruzur egiteagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta prebarikazioagatik, Bizkaiko Auzitegiak aurretik ezarritako zigorraren zati bat atzera bota duen ebazpenean.

EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin ditu Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat jotako delituak. Haren arabera, katedradunak EHUko sail bateko zuzendari postua baliatu zuen, bai eta master bat ere, behar ez ziren edo masterraren zuzendaritzak eman ez zituen kontzeptuengatik fakturak egiteko, zeinak unibertsitateko kontabilitate zerbitzuak masterreko ikasle ohien elkarte baten titulartasuneko kontu batean ordaindu baitzituen. Elkarte hori, ordea, berak eta bere emazteak kudeatzen zuten.

ZIGORRA EMAKUMEARI ERE

Auzipetuak bere emaztearekin adostuta jardun zuen, hura masterrerako zerbitzuak eman zitzan kontratatuz, ezarritako kontratazio prozedura saihesten ari zirela «jakinaren gainean izanik». Auzitegi Nagusiak bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio emakumeari, eta enplegu edo kargu publikorako lau urte eta hiru hilabeterako inhabilitatu du.