Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna, pilotari «totala» 28 urterekin heldutasun betean

Egungo izar nagusiak duela hamar urte egin zuen debuta profesionaletan eta denera zortzi txapel batu ditu (4 lau eta erdian, 3 buruz buru eta beste bat binaka). Julian Retegi, Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo baino ez ditu gainetik rankingean.

San Joan egunez egin zuen debuta Altunak; Titini irabazita, gainera.
San Joan egunez egin zuen debuta Altunak; Titini irabazita, gainera. (Raul BOGAJO | FOKU)

San Joan eguneko jaialdiak beti izaten dira bereziak Astelenan. Normalean udazkenera arte ateak itxi ohi ditu Eibarko pilotalekuak eta sarri pilotari berrien debut eguna izan ohi da. Hala gertatu zen 2014koan, baina duela hamar urteko jaialdi hura ez zen beste bat besterik izan. Titin III.a-Tolosa Altuna III.a-Barriola izan zen egun hartako estelarra; telebistarik gabeko jaialdia izan zen, eta astearte batez Amezketatik bi autobusetan gerturatu ziren zaleek ere ez zuten berehala usteko Larrunarri pilotalekuan hainbeste ordu emandako pilotari mehar hark, hamarkada bat geroago, hainbeste maite duen kirol honen gailurretik ikusiko zituela gainerako pilotariak. «Hamar urte hauetako balantzea uste baino askoz hobea da, baina horrek ez du esan nahi konformatzen naizenik; ez nago atzera begira». Horixe du ziurrenik onena, 28 urterekin lortutakoa sekulakoa izanda, inork ezin duela Altunaren sabaia non den esan.

Amak frontoi gainean piano klaseak ematen zituen arren, pilotazaleen zorionerako, Jokin Altunari erakargarriago egin zitzaion etxeko beste pasioa -bi osabak erremontista profesionalak izan ziren eta haien omenez darama kirol izenean "III" hori, nahiz eta beste modalitate bateko pilotariak izan- eta ume-umetatik ikusten zitzaion pilotari sena -15 urterekin Baque txapelketa irabazi zuen bera baino hiru urte zaharragoak ziren pilotarien aurka-, baina denbora eta lanarekin lortutakoa inor gutxik espero zezakeen, pilotari «polit» bat izatetik «pilotari totala» izatera pasatu baita.

Modalitate guztietan ederki moldatzen da amezketarra -2022an Martijarekin Binakakoa irabazi zuenetik hiru txapelak dituztenen klubean sartu zen- baina, ziurrenik, Buruz Burukoan lortutako hiru txapelak dira bere garapen izugarri horren isla garbiena. «Inoiz txapeldun izatea espero nuen, baina txapela 22 urterekin ez nuen inondik inora espero», aitortu zigun bere hirugarrena jantzi bezperatan. Lasoren aurkako garaipenarekin, Eugi eta Gallastegi bezalako mitoen pare da kantxa osoan eta bere gainetik Atano III.a, Beloki eta Olaizola II.a (4), Martinez de Irujo (5), Retegi I.a eta Azkarate (6) eta Retegi II.a (11) baino ez ditu. Ondo bidean, Eratsungoarena kenduta, bere eskura egon daitezkeen markak.

KAIOLAN EROSOEN

Baina, ezbairik gabe, Lau eta Erdikoa izan da emaitzarik onenak lortu dituen esparrua. Pentsa, beste planeta batekoak ziruditen Aimar Olaizolak lortutako zazpi txapelek eskuragarriak dirudite. Momentuz, goizuetarrak ere egin ez zuen balentria bat sinatu du, azken zortzi finaletara jarraian sailkatuta.

Bere lehen finalak ere kaiolan jokatu zituen; debutatu eta gutxira Iñaki Artolaren -alegiarrak ere laster egingo ditu hamar urte profesionaletan- aurka Promoziokoa jokatu zuen eta Oinatz Bengoetxearen aurka lehen mailako lehena. Biak galdu zituen, baina batez ere Ogetan jokatutakoan hasi zen eman zezakeenaren berri ematen. Magia berezkoa izanda, fisikoki gorputza zailtzen hasi zenean eman zuen benetako jauzia. «Ni hor Artolaren aurka ezin nintzen lehiatu momentu horretan. Ez zen hobeto edo okerrago jokatzea; nik nabari nuena zen, afizionatuetan agian gutxixeago materiala suabeagoa zelako, baina profesionaletan hasi ginenean, aurreneko urtean edo, ezin nuela. Gero urtebetera edo, lau eta erdikoan lehen aldiz irabazi nion eta hasi nintzen pixka bat goraka. Fisikoki asko hobetu dut, noski; urte dezente daramatzat urte guztian lehiatuz, udan deskantsurik gabe».

Lesio larririk gabe, pilotaren gazitik baino, gozotik bizitzea tokatu zaio, baina porrotetatik ikasten ere jakin izan du amezketarrak, buruz ere bere adinari ez dagokion heldutasuna erakutsiz. Hor ikusten du Jokin Altunak berak hamarkada honetan emandako jauzirik handiena. «Barrutik eramaten dut nik ere nirea, baina lasaiagoa naiz. Onerako diren emozioek askotan kalte egiten dizute eta alderantziz ere bai. Lehen emozionalagoa nintzen, gauzek eragin egiten zidaten, asko; gauza onak niretzat kristoren ‘txutea’ izaten ziren, baina emaitza txarren bat edo kolperen bat hartzen nuenean, ba oso behera egiten nuen. Iruditzen zait askoz kirolari orekatuagoa naizela orain, eta nire burua ere gehiago ezagutzen dut, hobeto sentitzen naiz, gauza askotan hobetu dut eta nik uste, denok bezala, 38rekin ere ez naizela berdina izango».