GARA
DONOSTIA

Lehen heriotza-kausak tumoreak eta zirkulazioko eritasunak dira

Hego Euskal Herrian 28.135 pertsona hil ziren 2023an, INE institutuaren datuen arabera. Lehen arrazoia tumoreak izan ziren, bereziki bronkio eta biriketako minbizia, eta bigarrena, zirkulazio sistemako gaixotasunak. Halere, bi kasuetan behera egin du heriotza kopuruak.

Donostiako Onkologikoa.
Donostiako Onkologikoa. (Jon URBE | FOKU)

2023ko Heriotzen Estatistikaren berri eman zuen atzo INE institutuak. Bertan azaltzen denez, orotara 28.135 lagun hil ziren Hego Euskal Herrian, gehienbat tumoreen eta zirkulazio sistemako arazoen eraginez. Aipatzekoa da, hala ere, bi kasuetan gutxitu direla heriotzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 22.291 pertsona zendu ziren, 2022an baino %7,9 gutxiago. 11.263 emakumeak izan ziren eta 11.028, gizonak. 6.243 lagunek tumoreen ondorioz galdu zuten bizia. Aurreko urtetik %2,1 jaitsi ziren tumoreek eragindako heriotzak. Bertze 5.609 pertsona zirkulazio sistemako gaixotasunen ondorioz hil ziren, 2022an baino %2,7 gutxiago.

ARNAS APARATUKO ARAZOAK

Heriotzen hirugarren kausa arnas aparatuko eritasunak izan ziren. Kasu honetan, gainera, ugaritu egin dira heriotzak: 1.639 pertsona hil ziren 2023an, 2022an baino %5,1 gehiago. Nerbio sistemarekin lotutako arrazoiengatik 1.495 pertsona hil ziren, aitzineko urtean baino %5,3 gutxiago, eta digestio sistemako arazoengatik bertze 1.047 lagun, %7,9 gutxiago. Nabarmentzekoa da covidarekin lotutako heriotzen jaitsiera handia: 2022an 1.702 pertsona izan ziren; 2023an, berriz, 358 izan ziren, %78,9 gutxiago.

Heriotza guztietatik 744 kanpo arrazoiengatik izan ziren: 192 pertsona erorketengatik hil ziren, 140 suizidatuta, 109 itota, 60 trafiko istripuengatik eta bederatzi bertze norbaitek hilda.

Nafarroan 5.844 pertsona hil ziren, 2022an baino %7,5 gutxiago. 1.516 lagun tumoreen ondorioz hil ziren, baina 2022tik %3,5 jaitsi dira kausa honengatik gertatutako heriotzak. Zirkulazio arazoen eraginez 1.423 pertsona zendu ziren, %5,3 gutxiago.

Azpimarratzekoa da arnas aparatuko gaixotasunen ondoriozko heriotzek %11,5 egin zutela gora: 638 izan ziren 2023an. Joera hori orokorra da, ikerketa egin den Estatu espainiar osoan.