Andoni TOLOSAMusikoa

«Sold out»

Emanaldirako probak bukatu, eta kalera atera ginen, hasi baino lehen haize pixka bat hartzera. Ez ginen gehiegi urrutiratu, sarreraren inguruan genbiltzan jendea hurbiltzen hasi zenean. Iritsi da kuadrilla bat, dozena erdi lagun, eta harrituta geratu dira sarrerak 5 euro balio duela dioen kartelari begira. «E... bost euro balio du kontzertuak», esan du batek; besteek harridura aurpegia jarri, elkarrizketa labur bat eduki, eta buelta eman dute atzera, bitan pentsatu gabe. Orduko hartan ez zen sold out-ik izan han.

Orain, jendeak hilabeteetako aurrerapenarekin erosten ditu sarrerak, interesatzen zaizkion taldeak ikusteko. Eta ez dituzte 5 euro ordaindu behar (bi eta hiru zifrako kopuruez ari gara).

Bada zerbait, hainbeste urtetan zabaldutako ideiaren kontra egiten badu; alegia, etxeko musika doako entretenimendua eta etxeko musikarien lana musu-trukekoa dela dioen uste zabalduaren ifrentzua bada. Bestela, musikarion erakarpen gaitasuna baieztatu, eta sosetara ekartzeko beste modu bat baino ez da.

Musikariok ez baitugu gure produktuaren kalitatearen arabera kobratzen; ez, erakartzeko gai garen jende kopuruaren araberakoa da gure katxea. Horregatik uste dut, alde horretatik, ez dela batere seinale txarra euskal musikarion gero eta sold out gehiago eta leku gehiagotan gertatzea.