GARA
LA PAZ

Boliviako Gobernuak Estatu-kolpea menderatu du, ez haren astinduak

Boliviako Armadako komandante gorenak gidatutako Estatu-kolpeak ordu batzuk baino ez zuen iraun, eta fartsaren itxura hartu zuena ez zen tragedia bilakatu. Poliziak Juan Jose Zuñiga jenerala atxilotu, eta Luis Arce presidenteak demokrazia «salbatu» du, baina matxinadak herrialdeko krisi politiko eta instituzional latza are gaiztotu dezake.

Juan Jose Zuñiga jenerala, Boliviako gobernuaren kontrako Estatu-kolpe saiakeraren burua, atxilotuta.
Juan Jose Zuñiga jenerala, Boliviako gobernuaren kontrako Estatu-kolpe saiakeraren burua, atxilotuta. (Presidencia de Bolivia | AFP)

Ordu batzuetako kontua baino ez izan zen. Armadako komandante goren Juan Jose Zuñiga jeneralak tanketa batekin Boliviako Quemado jauregiko atea bota, eta bertan zen Luis Arce presidentearekin aurrez aurre topatu zen. Bitartean, soldadu talde batek Murillo Enparantza hartu zuen, Gobernuak Estatu-kolpetzat hartu zuen ekintzan. Irudietan, Arce Zuñigari errieta egiten ikusten zen. Tentsioa puri-purian zegoen; Argentinako Milei kenduta, eskualdeko estatuburuek aho batez gaitzesten zuten matxinada militarra. Baina laster baretu zen dena. Arcek buruzagitza militar berria izendatu zuen, Poliziak Zuñiga atxilotu zuen eta militarrak bere kasernetara bueltatzea agindu zuen.

Boliviako Gobernuaren egoitzara sartu zenean, Zuñigak komunikabideei «kabinetearen piezak» aldatu eta «preso politiko denak askatu» nahi zituela adierazi zuen, horien artean Evo Moralesen kontrako kolpearen ondoren herrialdearen buruzagitza hartu zuen Jeanine Añezena. Gero, poliziaren autoan atxilo zeramatenean komunikabideen aurrean egin zuen adierazpen labur batean, Arce presidenteak «bere onarpen-maila handitzeko tanketak ateratzea» agindu ziola esan zuen. Eta, orduz geroztik, autokolpearen hipotesia bolo-bolo dabil hainbat analisietan.

Quemado Jauregiko balkoitik Arce presidenteak herritarrak «Estatu-kolpearen aurka» mobilizatzera deitu zituen eta buruzagitza militar berriari zina hartu zion. Euforiko, garaile, pozarren agertu zen: «Inork ezin digu kendu irabazi dugun demokrazia. Ziur, oso ziur gaude, eta lanean segituko dugu. Hemen eutsi diogu, zuek jarri gintuzuen lekuan, hemendik atera gaitzaketen bakarrak zuek zaretelako».

EVO MORALESEN ITZALA

Asteartetik zurrumurrua ageriko sekretua zen: Zuñiga jenerala kargugabetzekoa zen Arce presidentea, Boliviako Armadaren buru izendatu eta bi urtera. Horren arrazoia elkarrizketa batean esandakoa zen, hots, 2025ko hauteskundeetara Evo Morales aurkeztuko balitz atxilotu egingo zuela. Latzak esan zituen herrialdeko presidente ohiaren inguruan, «mitomanoa» zela, «betirako inhabilitatua» zegoela, eta abar. Bistakoa zen Zuñigaren hitzek arautegi militarrak eta Konstituzioa nabarmen urratzen zituztela, eta Arceri kargugabetzea beste aterabiderik ez ziola uzten. Horrek militarraren haserrea eta, nonbait, jokabidea, azal dezake.

Kontua, baina, katramilatsuagoa da. Evo Moralesek Argentinan erbesteratuta zegoela aukeratutako Luis Arce hautagaia 2020an boterera iritsi zenetik, bien arteko harremanak ikaragarri gaiztotu dira. Presidente ohiaren eta bere Ekonomia ministroaren artekoa enfrentamendu zuzen bilakatu da, Arcek Moralesi 2025eko hauteskundeetara aurkeztuko ez zela agindu zionetik. Promesa hautsita eta Arcek berriz aurkeztuko dela erabakita, mugimenduen alderdi gisa funtzionatzen duen MAS Sozialismorako Mugimendua bitan banatu da arcisten eta evisten artean. Eta itsusiak, oso itsusiak dira elkarri botatzen dizkioten salaketak.

ONDORIO POLITIKOAK

Arceren eta Moralesen arteko ezinikusiak eta MAS alderdiko barne liskarrek Asanblada Legegilea paralizatuta daukate. Herrialdea egoera ekonomiko latzean dago, 2019. urtetik aurrera litioarekin izan zuen oparoalditik oso urrun dagoena.

Estatu-kolpea Boliviako instituzioen krisia eta Arceren kudeaketaren higadura asko azkartu diren testuinguruan etorri da. Ordu gutxian garaitua izan arren, ondorio politikoak izango ditu.