G.I.
HERNANI
I’AM CELINE DION

Celine Dion, inoiz ikusi ez bezala

Ia 250 milioi disko saldu ditu 40 urteko ibilbidean. “Titanic” edota “La bella y la bestia” (“'Beauty And The Beast”) filmen soinu banden melodia ahaztezinak konposatu ditu. Bost Grammy, bi Oscar sari… zutabe osoa beharko nuke Celine Dionek lortutako guztia zerrendatzeko. 2022ko abenduan, ordea, bizitza profesionala eta pertsonala aldatuko zion albiste baten berri eman zuen: SPS edota ‘pertsona zurrunaren sindromea’ delakoa zuen; nahasmendu neurologiko eta autoimmunea da, giharretako espasmo jasanezinak eta zurruntasuna eragin ditzakeena.

Artistari sakonki eragin dio gaixotasunak. Irene Taylor Brodsky zinemagileak urtebete baino gehiago eman du abeslaria filmatzen eta horren testigantza jaso du “I Am: Celine Dion” (‘‘Soy Celine Dion”) dokumental hunkigarrian. Barru-barrutik irtendako kontakizun honi esker, eta gaixotasunarekin duen borrokaren berri ematen duen bitartean, narrazioak iraganera eta orainaldira eramango gaitu.

Une musikal mitiko eta ahaztezinak ikusiko ditugu, baita abeslari gisa lortutako guztia ere, baina bereziki izugarri sufritzen ari den artista baten istorioa erakusten du dokumentalak. Abeslariak, zintzotasun gordinez, Las Vegaseko bere etxeko ateak ireki ditu; ia konfinatuta bizi da bertan.