GARA
DONOSTIA

San Pedro, Santa Isabel eta San Martzial jaiak asteburu honetan Gipuzkoan

San Joan suaren txingarrak itzali ondoren, Gipuzkoako herri askok jaietako erreleboa hartuko dute: Eskoriatzan, Lasarte-Orian eta Orion sanpedroak ospatuko dituzte, santaisabelak Usurbilen eta Zumarragan, eta sanmartzialak Irunen, besteak beste. Herri bakoitzak bere estilora biziko ditu egun seinalatu hauek.

Eskoriatzan Euskal Jaia ospatuko dute astelehenean talo, sagardo eta trikiti doinuekin.
Eskoriatzan Euskal Jaia ospatuko dute astelehenean talo, sagardo eta trikiti doinuekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurten San Pedro eguna larunbatarekin egokitzen denez, jai hasierako txupinazoa gaur botako dute hainbat herritan. Eskoriatzan, esate baterako, 19.00etan botako dute, oraingoan Tximeleta Gela taldearen eskutik (Luis Ezeiza Herri Eskolako Aspaceko gela egonkorra). Ikasgela eta proiektu partekatu hau eskola zein gizarte inklusiboa lortzeko bidean sortu zen duela hamar urte.

Txupinazoaren aurretik, 17.00etan, “atsolorra” izeneko antzinako ohitura berreskuratuko dute, 2023an jaiotakoei ongi etorria eginez. Txupinazoaren ondoren, Musika Eskolako banda eta txistulariak abiatuko dira eta, nobedade gisa, Castellers de Vilafranca taldearen emanaldia izango da.

Bihar, beste berritasun batzuk ere izango dira, hala nola Arrasateko erraldoi eta buruhandien konpartsa eta Lekittoko Deabruak pirotekniarekin kalejira.

Jaiak astelehenera arte luzatuko dira eta egitarauan ez dira faltako musika eta kirol ikuskizunak eta haurrentzako emanaldiak.

Txosna batzordeak ere egitarau zabala prestatu du asteburu honetarako. Txupinazoa gaur 18.00etan botako dute eta, ohiko kontzertu eta musika emanaldiez gain, danborrada, meriendak, jolasak eta kuadrilla bazkariak izango dira, besteak beste.

LASARTE-ORIAN

Gaur txupinazoa botako duen beste herria Lasarte-Oria da. Lehenbizi haurren suziria botako dute, eguerdian, eta 19.00etan nagusiena, oraingoan emakumez osatutako Makelur antzerki talde amateurraren eskutik. Jai egitaraua asteartera arte luzatuko da, eta haur eta gazteentzako ekitaldiak indartuko dira, batez ere DJ emanaldiekin. Horrekin batera, ohiko ekitaldiak mantenduko dira: herri kirolak, Nafarroako jotak, mariatxiak, bertsolariak, batukada, zezenak eta antzerkia. Musikari dagokionez, talde ezagunen emanaldiak izango dira, besteak beste, En Tol Sarmiento, Bulego, Naranja Limon, Belako eta Oxabi.

Sorgin Jaia izeneko egitaraua prestatu dute herrian, jai eredu berri baten aldeko apustuari eutsiz. Txupinazoa atzo izan zen Xumela abesbatzaren eskutik, eta gaur sorgin bazkaria eta sorgin jolasak izango dira; larunbatean, elkartasun eguna izango da; igandean patata tortilla txapelketa eta bertso poteoa izango dira; eta astelehenean, toka txapelketa eta antzerkia.

ORION

Oria ibaiari jarraituz, Orion ere San Pedro jaietako txupinazoa botako dute gaur, 19.00etan. Ordu berean txosnak irekiko dira, eta ordu erdi lehenago, erraldoi eta buruhandien kalejira abiatuko da, gonbidatu bereziarekin: Villafranca del Penedeseko Drac eta Aliga figurak. Pello eta Nikolasa eta erraldoiek lagunduta irtengo dira.

Herriko eragileek beste zenbait ekitaldi berri antolatu dituzte, horien artean slackline ibaiaren alde batetik bestera, San Martin ermitara bizikleta igoera, herriko DJen emanaldia eta Les testarudes taldearen emanaldia gaztetxearen 14. urteurrena ospatzeko. Igandean bertan, arrantzale eguna ospatuko da. Egun horretako ekitaldietan, ia 200 lagunek hartuko dute parte, eta bazkaritako txartel guztiak dagoeneko saldu dira.

USURBILEN

Oria bailaratik atera gabe, Usurbilen santixabelak ospatuko dituzte eta, egun nagusia uztailaren 2a izango bada ere, ekitaldi gehienak asteburu honetan ospatuko dituzte. Txupinazoa eta ikurrinaren igoera bihar izango dira 19.00etan, oraingo honetan adineko emakume zaintzaileen eskutik. Ordubete beranduago, gazteen txupinazoa eta txosnen irekiera izango da.

Oilasko-biltzaileak gaur bertan abiatuko dira goizean goiz, eta bazkaria egingo dute eguerdian. Bihar herritarren arteko herri kirol saioa eta zikiro jana izango dira, igandean jubilatuen bazkaria, poteo elegantea eta bertsolariak, astelehenean haur eta gazteentzako ekitaldiak, eta asteartean Triku trikiti taldearen kalejira, pilotako finalak eta paella lehiaketa, besteak beste.

Musikari dagokionez, honako taldeen emanaldiak daude iragarrita herriko plazan: Laket, Ameba eta Dupla, Itzal, Tapia eta Leturia, eta Dema. Txosnetan, hauexek: Neallta Fola, Ziztada&Rlantz eta DJ Zer, besteak beste.

ZUMARRAGAN

Santa Isabel jaiak osatuko dituen Gipuzkoako beste herria Zumarraga da. Egitaraua atzo hasi zen San Fermin txapelketako pilota partidekin, eta uztailaren 6ra arte luzatuko da. Gaur eguerdian Mikel Sarriegi Etxezarretak idatzitako “Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua” izeneko liburua aurkeztuko dute, eta gauean elkarteen arteko danborrada abiatuko da; larunbatean dantza libreko txapelketa, mus eta xake partidak, errekortariak eta larrain dantza izango dira; eta igandean, haurren eguna.

Astelehenean herri kirol erakustaldia eta kuadrillen arteko Grand Prix izango dira; eta asteartean, herriko agintariak eta herritarrak Antioko Amaren elizara igoko dira, bertan ezpata-dantza eta meza ospatzeko. Jarraian, erromeria eta herri bazkaria izango dira.

Txosnetan ere egitarau zabala prestatu dute asteartera arte. Egunero izango dira kontzertuak gaueko 23.00etan hasita, eta azken egunean Bide Batez taldearekin erromeria izango da.

IRUNEN

Azkenik, San Pedro eta San Martzial jaiak ospatuko dituzte Irunen asteburu honetan. Gaur haur atrakzioak, apar jaia, erraldoiak eta buruhandiak eta musika emanaldiak izango dira. Larunbatean aurreskua eta Irun Hiria Musika Bandaren kontzertua.

Egun handia igandearekin ospatuko da. 6.00etan hasiera emango zaio San Martzial alardeari eta goizeko 11.00etan ohiko erromeria izango da San Martzial mendian. Bertan, Udalbatzak 1522ko boto sekularra beteko du.

Astelehenean baserritar giroko ekitaldiak izango dituzte; besteak beste, abere lehiaketa, trikitilariak, bertsolariak, herri kirolak eta fandango eta arin-arin txapelketa.