Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Arraun eta Bermeo Coruñan garaile, denek Egoitz Orbegozo gogoan zutela

Egungo txapeldunek Euskotren eta Eusko Label ligetako lehen estropada irabazi zuten, Galiziako uretan, eta lehen liderrak dira. Denek izan zuten Ioritz Orbegozo Donostiarra taldeko arraunlariaren anaia txikia buruan, aste honetan zendutakoa.

Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen.
Urdaibaiko arraunlariak, garaipena ospatzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Coruñako urek beti ekartzen dute ezustekoren bat edo aipatzeko moduko zerbait. Atzo Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman zitzaien Galiziako uretan, iaz bezala -baina iazko lehen jardunaldia bertan behera geratu zen, itsasoaren egoera txarragatik-. Hala ere, aurtengo hasiera ezuste triste batekin iritsi zen, eta traineru guztiek izan zuten buruan.

Izan ere, aste honetan, Ioritz Orbegozo Donostiarra taldeko arraunlariaren anaia txikia, Egoitz, zendu da 35 urterekin, eta Donostiarrak ez ezik, besteek ere garaipena eskaini nahi zieten arraunlari ere izandako gazteari, senideei eta, nola ez bada, Ioritzi.

Emozioa nabarmena izan zen aurreko egunetan, eta Coruñan ere antzeman zen. Arraunak, askotan, lehia handia sortzen du taldeen artean, bai uretan bai uretatik kanpora, baina atzo arratsaldean denak elkartu ziren helburu bakarrarekin: garaipena Egoitz Orbegozori eskaintzea.

Hori Bermeo Urdaibaik, gizonezkoetan, eta Arraun Lagunakek, emakumezkoetan, lortu zuten, eta euren ligetako lehen liderrak dira.

Gizonetan, bizkaitarrak azkarrenak izan ziren Coruñan, azken txandan aritu ostean eta aurreko txandetan faboritoek egindako denborak jakinda. Ordura arte, Hondarribiak egina zuen markarik onena, eta Urdaibairi kosta egin zitzaion denbora hori haustea.

Bigarren ziabogan hartu zuen aurrea, eta azken luzean, haizearen laguntzaz, “Bou Bizkaia”k aldea pixkatxo bat handitu zuen.

HONDARRIBIA, AZKAR; DONOSTIARRA, AMORRAZIOZ

Hasieratik ikusi zen “Ama Guadalupekoa”k bere txandakoek baino puntu bat gehiago zuela. Hori bai, Ioseba Amunarrizen trainerua aurretik joanda ere, beste hirurak -Lekittarra, San Pedro eta Kaiku- berdintsu ibili ziren maniobretan, denbora bertsuetan. Azken luzean, Hondarribia istriborrera joan zen, lehen kalera, eta olatu onen laguntzaz, ordura arteko denbora onena markatu zuen.

Bigarren txandan, ikuskizunaz gozatu zuten ikusleek. Bertan aritu ziren Donostiarra, Zierbena, Orio eta Cabo. Begirada guztiak “Torrekua II.a” traineruari zuzentzen zitzaizkion -atzo “Egoitz Orbegozo” izena zeraman-. Zierbenak, Coruñako iazko garaileak, hartu zuen burua. Baina Donostiarra eta Orio gerturatu egin zitzaizkion. Are gehiago, Arkaitz Diaz patroiaren gidaritzapean, donostiarrak aurretik ipini ziren bigarren ziabogan. Eta hirugarren maniobran ere aurretik ziren.

Ordurako beste helburu bat zuten: Hondarribiak egindako marka haustea. Donostiarrak aparteko indar bat zuen, zerutik zetorrena, eta Zierbena eta Orio elkarrengandik gertu zebiltzala aprobetxatu zuen olatu ona hartu eta Hondarribiarengandik hiru segundora ipintzeko.

Azken metroetan, ordea, ezin izan zion erritmoari eutsi eta 2.26ra geratu zen. Hori bai, txapela kentzeko moduko estropada egin zuten, astean zehar gertaturikoa kontuan izanda. Zorionik beroena eman nahi dizue kronika hau idazten duenak eta besarkada goxo eta estu bat, bereziki, Ioritz eta senide guztiei.

EUSKOTREN LIGA

Emakumeen Ligan, lehen aldiz, zortzi traineru arituko dira; horixe, berrikuntza nagusia. Baina uretan gauzak ez ziren asko aldatu, Arraun Lagunakek berdin jarraitzen baitu. Atzo, lehen txandan irabazi zuen, eraberritutako Oriori 12 segundoko aldera ateraz; Tolosaldeari 13koa eta Donostiarrari, 17koa. Gaur goizean denak Bueun arituko dira.