GARA
PILOTA

Azkenera arte sufrituta berritu du Oiartzunek bere nagusitza

Zaldibiak tanto batez irabazi zuen kadeteen lehia, txapeldunek erraz berdindu zuten jubeniletan eta nagusietan emozioa puri-purian egon zen.

Unax Landa, kideen zorionak jasotzen.
Unax Landa, kideen zorionak jasotzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Dagoeneko beldurrik gabe esan dezakegu, Azpeitiaren lekukoa hartuta, Oiartzun dela Gipuzkoako eskuzko Herriartekoaren dinastia berria, atzo irabazitakoarekin, jarraian lortutako hirugarren txapela -orotara, laugarrena- eskuratu baitzuen Zaldibia gaindituta. Hori bai, goierritarrek -aurtengo ezusteko nagusia-, majo estutu zituzten Oarsoaldekoak, azken partidan, nagusienean, Oihan Etxeberria eta Unax Landak 22-20 gainditu baitzituzten Alex Sukia eta Aitor Elizegi.

Finalaren nondik norakoak ikusita, Asier Retegik, oiartzuarren entrenatzaileak, arriskuak hartu behar izan zituen, nagusien finalean azken unera arte zalantzan izan zen Oihan Etxeberria eta Unax Landaren aldeko apustua eginda. Adinez jubeniletan joka zezakeen Oihan Etxeberria azken unera arte zalantzan zen sorbaldan hartutako kolpe baten ondorioz, eta Landa ere txapelketan partidarik jokatu gabea zen zenbait arazo fisikorengatik. Baina Alex Sukia eta Aitor Elizegik maila bikaineko bikotea osatzen dute, Herriarteko honetan jokatutako partida guztiak irabaziak zituzten, eta beraz, onena jartzera behartuta zeuden txapeldunak txapelari eusteko.

Hasieran gazteek abantailak lortu bazituzten ere (16-9 ere joan ziren aurretik Oarsoaldeakoak), partida ikaragarri orekatua izan zen amaieran, eta Etxeberria-Landak 22-20 irabazi zuten.

EMOZIOA GORENEAN

Eta puntu erabakigarria estu joan bazen, zer esan jaialdia ireki zuen kadeteen partidaz, non Suhar Mantzizidor eta Ahetz Lopezek tanto bakarraz gainditu zituzten Aitor Etxeberria eta Unai Zelaiaran (22-21), lehendik ere goia jota zegoen zaldibiarren ilusioa are gehiago puztuz.

Behar-beharrezkoa zuten lehen puntu hori zaldibiarrek, aldez aurretik bazekitelako jubeniletako puntuak, handiren bat gertatu ezean, Oiartzunera joateko boleto guztiak zituela. Pronostikoek ez zuten hutsik egin, eta Manex Olaiz eta Mikel Leonetek ez zuten errukirik izan: Aratz Aranburu eta Jokin Mendizabali 22-4 irabazi zieten, finala bana berdinduta.

Gauzak horrela, dena azken partida emozionagarrian erabaki zen, eta oiartzuarrek txapelari eutsi zioten. Momentuko pena pasatuta, zaldibiarrek harro egoteko moduko txapelketa osatu dute, eta hala eskertu zieten zaleek.