Iraitz MATEO
DONOSTIA

Giza Eskubideen Behatokia, Estatuaren biktimen «fiskaltza soziala» izatea xede

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak, aldi baterako etenaren ostean, bigarren fasea aurkeztu zuen atzo Miramar Jauregian, Aholku Batzordean parte hartuko duten hamabost kideak aurkeztearekin batera. Bertan izan ziren Axun Lasa zein Eneko Etxeberria, Estatuaren biktimak, edota Maixabel Lasa eta Maria Jauregi, ETArenak.

Agus Hernan eta Iratxe Urizar, Behatokiaren izenean hizketan.
Agus Hernan eta Iratxe Urizar, Behatokiaren izenean hizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«ETAren biktimek Auzitegi Nazionalean fiskaltza espezializatua duten arren, ez dago Estatuaren biktimei antzeko mekanismorik emateko borondaterik. Bokazio horrekin aurkeztu da gaur Giza Eskubideen Behatokia: Estatuaren biktimen fiskaltza soziala izatea», horrelaxe aurkeztu zuen atzo, Donostiako Miramar Jauregian, Agus Hernanek Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren gaur egungo funtzioa. Horretarako, hamabost kidek osaturiko Aholku Batzordea ere aurkeztu zuten.

Hutsune batetik sortu dela azaldu zuten. Izan ere, Foro Sozial Iraunkorra desagertu ondoren, biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko duten eskubidearen aldeko lanean «hutsunea» sumatu zuten Behatokiaren sortzaileek. Batez ere, Estatuaren indarkeria pairatutakoei dagokienez: «Biktimekiko tratamendu asimetrikoa dagoela egiaztatu dugu, eta hori onartezina da».

Giza eskubideak urratu dituztenei eman beharreko tratamendua zein eskubideren gainean eraiki beharko litzatekeen ere zehaztu zuten: osotasun fisikoa, errugabetasun presuntzioa, berme guztiekin egindako epaiketa justua eta, kartzela zigorra ezarriz gero, espetxe tratamendu egokia. Espetxe tratamenduaz, oinarrizko hiru elementu aipatu zituzten: zigorra betetzea, eragindako kaltea aitortzea eta gizartean berriz txertatzea. «Egiaztatu dugunez, hori ez da gertatu alde bateko eta besteko egileen aurrean», argitu zuen Agus Hernanek.

BI HELBURU ARGI

Hernan Giza Eskubideen Behatokiaren bisioaz mintzatu zen, eta Iratxe Urizar abokatuak hartu zuen misioaren inguruan hitz egiteko ardura. Bi helburu azaldu zituen; lehenik, Estatuaren biktimei laguntzea Espainiako Estatuan orain arte ukatutako egia, erreparazioa eta justizia bilatzea. Eta bigarrenik, giza eskubideen urraketa egin duen agentearen arabera biktimak tratatzeko orduan egon den asimetria agerian uztea: «Hala, batzuk sistemak ahalbidetu duen gogortasun penal guztiarekin tratatuak izan dira, eta beste batzuk, ordea, ahalik eta biguntasunik eta zigorgabetasunik handienarekin».

Lau ardatz nagusi izango ditu Behatokiak. Lehena, giza eskubideen urraketei buruzko txosten alternatiboak egitea. Bigarrena, giza eskubideen urraketen salaketak aurkeztea eskubideen defentsarako nazioarteko organo eta tresnen aurrean, Nazio Batuen Erakundeak eskaintzen dituen baliabideak barne. Hirugarrena, «litigazio estrategikoa», horretarako baldintzak betetzen dituzten auzietan prozesu judizialetan esku hartzea. Eta laugarrena, giza eskubideen urraketen inguruko gaiei buruzko topaketak, mintegiak eta biltzarrak antolatzea, arlo horretako ekimen bateratuetarako lankidetza sustatuz.

Nazioarteko jarduerari dagokionez, bestalde, bi eremutan lan egingo dutela azaldu zuten. Giza eskubideen arloan lan egiten duten Europako erakunde eta sareetan parte hartuko dutela adierazi zuten; besteak beste, giza eskubideen eta haien defendatzaileen aldeko abokatuak biltzen dituzten nazioarteko erakundeetan. Eta bestetik, eskubideak babesten dituzten eta oinarrizko eskubideen nahiz askatasunen urraketak salatzen dituzten nazioarteko erakundeek sustatutako ekimenetan lagunduko dutela gaineratu zuten.

AHOLKU BATZORDEA

Lan hori aurrera eramateko, «diziplina anitzeko eta ospe handiko» Aholku Batzordea eratu dutela jakinarazi zuten, eta bertako kide Martxelo Otamendik aurkeztu zituen hamabost kideak. Gehienak euskal herritarrak dira, baina Suitzako, Madrilgo, Kataluniako edo Argentinako kideak ere badaude. Abokatuak dira Juanje Soria, Laia Serra, Jone Goirizelaia, Oliver Peter, Urko Aiartza, Santiago Bereciartua eta Verena Graf; historialaria, Javier Buces; Nahia Aia, medikua; Laura Pego eta Leire Imaz, unibertsitateko irakasleak; Jorge del Cura, ekintzailea, eta Estatuaren hiru biktima: Axun Lasa, Eneko Etxeberria eta Martxelo Otamendi bera.