Eli PAGOLA
DONOSTIA

Mahasgintzaren erresilientzia hobetzeko bost gako ditu Neikerrek

Mahasgintza klima larrialdiaren aurrean erresilienteagoa izan dadin estrategiak lantzen ari da Neiker ikerketa zentroa. Bost gako identifikatu ditu horretarako: uraren erabilera eraginkorra, barietate egokien aukeraketa, landare estalkien erabilera, itzala egiteko mekanismoak ezartzea eta informazioa elkarbanatzea.

Bilketa, Baigorriko mahasti batean.
Bilketa, Baigorriko mahasti batean. (Patxi BELTZAIZ)

Klima larrialdiak eragiten duen tenperatura igoera gero eta nabarmenagoa da, eta horrek lehen sektoreko laboreen portaerari eragiten dio. Ardogintzan ohikoa izaten ari da mahastien zikloa aurreratzea: ernetzea, heltzea eta mahats bilketa gero eta lehenago gertatzen dira. Neiker zentroa horren bueltan ikerketa teknologikoak egiten ari da, eta adi ari zaie behatzen mahastiei, klima larrialdiaren aurreko haien erresilientzia hobetu nahian.

Ardogintza sektore garrantzitsua da Euskal Herrian: EAEn, mahastien azalera mantendu egin da 2009 eta 2020 artean, Eustaten arabera. Hain zuzen, 14.500 hektarea mahasti inguru daude eta 1.400 ustiapen. Nafarroan, Nafarroako eta Errioxako jatorri deiturako ardoetarako, 100.000 tona mahats ekoizten dira urtero, eta Ipar Euskal Herrian, ardo ekoizpenerako 60-70 lantegi daude. Hala, sektore indartsua izaten jarraitu nahi badu, klima larrialdiak eragingo dituen aldaketei egokitzen asmatu beharko du.

Neikerreko ikertzaileak “Vitisad II Poctefa” egitasmoan ari dira lanean; Estatu espainiar eta frantziarra eta Andorrako eremua hartzen dituen Europako proiektuan, alegia. Mahastizaintza klima aldaketaren ondorio negatiboetara egokitzeko estrategia agronomikoen bila ari dira eta, horretarako, hainbat ikerketa lerro dituzte irekita.

Bost dira, zehazki, mahastien erresilientzia hobetzeko identifikatu dituzten esku-hartzeak. Lehenik, proposatu dute mahastietarako kudeaketa hidriko jasangarria erabiltzea eta ureztatzeko uraren erabilera eraginkorra izatea. Baliabide hori optimizatuz eta aplikatzeko estrategia egokituz, mahatsaren kalitatea hobetu daitekeela diote. Horretarako, teknika efizienteagoak garatu daitezke, hala nola, lurpeko ureztatzea.

Klima larrialdira egokitutako barietate eta klonak aukeratzea litzateke bigarren proposamena. Orain arte lortutako emaitzak oinarri hartuta, mahastien portaera agronomikoari buruzko azterketa zabaldu eta egoera hidrikoaz, nutrizionalaz eta fenologikoaz informazio berria jaso nahi du Neikerrek, klima larrialdiarekiko erresilientzia ebaluatzeko ituarekin.

Bestetik, diotenez, landare estalki mota desberdinak erabiltzea izan daiteke beste aterabide bat, mahastiko lurzorua higaduratik eta jariatzetik babesteko. Hori herbizida kaltegarrien alternatiba jasangarria izan daiteke, gainera.

Mahats mordoak udako tenperatura handietatik babestea eta, horretarako, itzala egiteko teknikak baliatzea ere ezinbestekoa da tenperaturen kalteak gutxitzeko, nekazaritza ikerketa eta garapenerako erakundearen arabera.

Bosgarren proposamena da proiektuan planteatutako mahastizaintzako praktiken onargarritasuna eta transferentzia aztertzea. Mahastizainek, agintari publikoek eta kontsumitzaileek egokitzapen praktikei buruzko beren iritziak aztertuko dituzte, horiek praktikan jartzeko modurik dagoen ikusteko.

KONTSUMITZAILEAK

Joan den martxoan, Neikerrek “Vititransfer” izeneko jardunaldiak egin zituen, EAEko ekoizleei bere ikerketa lerroen berri emateko eta beste zenbait alorretan arreta jartzeko. «Garrantzitsua da mahatsaren ekoizpena nekazaritza jarduera jasangarriagoetara bideratzea, laborantzan erabiltzen diren produktu kimikoen erabilera murrizteko. Horri esker, nazioarteko merkatuan lehiarako abantaila eskuratu ahal izango da, publikoaren eskaerak betetzen dituzten produktuak eskainiko direlako», adierazi zuen, jardunaldietan, Ana Diez Neikerreko Landare Ekoizpen eta Babes Saileko ikertzaileak.

Neikerrek dio “Vitisad” bezalako estrategiak garatzea funtsezkoa dela kalitate handiko mahats barietateak lortzeko eta muturreko baldintzen eta gaixotasunen aurrean erresistenteak izateko. Halaber, landare estalkien erabilerak ingurumenean dituen onurak azpimarratzen ditu ikerketa zentroak, higaduraren ondorioz lurzoruan gertatzen diren galerak murriztea lortzen baitu.

Produktu kimikoen erabileraz ere mintzatu ziren jardunaldietan, eta balioetsi zuten nazioarteko merkatua gero eta konprometituago dagoela ingurumenarekiko errespetuarekin. Kontsumitzaileek modu jasangarrian landutako mahastietatik datorren ardoa eskatzen dute gero eta gehiago eta, horrek ingurumenari eta giza osasunari kalterik egingo ez dien ekoizpen eredua bermatzea dakar; alegia, mahastietan gero eta fitokimiko gutxiago erabiltzea.