Xabier IZAGA
GAUR8ko erredaktorea
1993

Juan Carlos I.ak Jon Idigoras diputatua hartu zuenekoa

Jon Idigoras Anoetako Belodromoan, 2004an, “Orain herria, orain bakea” proposamenaren aurkezpenean.
Jon Idigoras Anoetako Belodromoan, 2004an, “Orain herria, orain bakea” proposamenaren aurkezpenean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Duela 31 urte, gaurko egunez, ezohiko gertaera batek erakarri zuen Estatu espainoleko hedabideen arreta masiboa. Jon Idigoras buruzagi abertzalea gorbata jantzita agertu zen Madrilen. Egia esateko, ez zen hori motibo nagusia izan, baina guztiek nabarmendu zuten hogei urte pasa lehenagotik ez zuela lepoko jantzi hori erabiltzen, ezkondu zenetik, hain zuzen. 1993ko uztailaren 1ean jantzi zuen Zarzuelako Jauregian Juan Carlos I. errege espainolarekin biltzeko.

Hurrengo egunean horrela eman zuen “Egin” egunkariak bileraren berri bere lehen orrialdean: «HBk bere bake nahia adierazi dio erregeari». Idigorasek egunkari hari esan zionez, hamar minutuko elkarrizketak «errespetuzko bilakaera» izan zuen, eta errege espainiarrak konpromiso «pertsonala» hartu zuen ordezkatzen zituen instituzioetara HBren mezua helarazteko.

Egun bereko editorialean euskal hedabideak zioen beharbada elkartze hura lau urte lehenago egin zitekeela, «hautetsi abertzaleek Estatuaren aparatuetatik elkarrizketaren aurkako atentatu bat jasan izan ez balute». 1989ko azaroaren 20an Madrilgo Alcala hotelean ezker abertzaleko hautetsien aurkako gerra zikineko ekintza hartaz ari zen. Egun hartan, Gorte Nagusietako bi ganberetako Herri Batasuneko zazpi hautetsiak afaltzen ari zirela, bi kaputxadun bertara sartu eta tiro egin zuten haien kontra. Josu Muguruza hil zen eta Iñaki Esnaola larri zauritu zen erasoan.

Erregearekiko bileran, Idigorasek HBren kezka agertu zuen, Gobernu berriak bere aurrekoaren jarrera errepresiboa errepikatuko ote zuen, eta berretsi zuen alderdi abertzalea prest zegoela gatazka konpontzeko zerbait egin zezaketen erakunde edo alderdiekin harremanetan jartzeko esfortzu guztiak egiteko. Mahai Nazionaleko bozeramaileak Juan Carlos I.ari adierazi zion, halaber, gobernu berriak onartu behar zuela Estatua plurinazionala dela eta, ondorioz, nahi duten nazioek beren eskubideak erabil ditzaketela, «Europako nazio modernoek egiten duten bezala».

Bitxia gertatzen zen biharamuneko hedabideek esan zutena irakurtzea, gehienek adierazi baitzuten Idigorasek eraman zuen gutuna hartzeari uko egin ziola errege espainolak. Interpretazio kontua ote? Egiaz, gaur emeritua denak esan zion Konstituzioaren arabera ezin zuela erakunde politikoen gutunik hartu; beraz, Gobernuaren bidez helarazi beharko ziola, eta Idigorasek erantzun zion hala egingo zutela luze gabe.

Hura ez zen izan Juan Carlos Borboikoak euskal ezker subiranistako parlamentari batekin egindako bilera bakarra. 2011ko abenduaren 15ean, Xabier Mikel Errekondo Amaiurko diputatua hartu zuen. Bilera haren bezperan errege espainolak erakutsitako jarrera benetan erridikuluaren berri eman zuen zortzi urte geroago Kongresuko presidente ohi Jose Bonok. 2019an hark argitaratu zuen memoria liburuan kontatu zuen Errekondorekin zuen bilera baino lehen errege espainiarrak berarekin entseguak egin zituela diputatu abertzaleari eskua emateko moduaren bidez bere haserrea adierazteko.

ARAFAT, GAZAN

Urtebete geroago, egun berean, Jasser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko presidente eta haren baitako Al Fatah alderdiko burua Gazako Zerrendara iritsi zen, gaur egun hondakin pila erraldoi eta ikaragarri bihurtutako lurraldera, hain zuzen, sorterritik kanpo urte asko eman ondoren. Rafahtik sartu eta Gaza hirian hitz egin zuen jendetzaren aurrean.

Honela kontatu zuen “Egin”-ek 1994ko uztailaren 2ko edizioan: «PAE Palestina Askatzeko Erakundeko presidentea, Jasser Arafat, atzo itzuli zen Palestinara, gutxienez haren zati txiki batera, Gazako Zerrendara, erbestean hogeita zazpi urte eman ondoren».

«Itxaropen handia dugu aurrean, baina zeregin handia ere bai: Palestinako autonomia eraikitzea eta, ondoren, estatu independente bat», adierazi zuen Arafatek.

“Al-Quds” egunkari palestinarraren hitzak ere jaso zituen “Egin”-ek: «Arafat presidentearen itzulera gertaera historikoa da, orain dela urtebete ametsa zen, baina nazioarteko aldaketek ametsak errealitate bihur ditzakete».

1993an, Osloko Konferentzian, bi estatuen konponbidea adostu zen. Akordioen ondorioz, Arafat bere herrira itzuli zen, Palestinako Aginte Nazionalaren ordezkari. Gobernu autonomo hark Gazan eta Jerikon bakarrik zuen boterea hasieran, baina ondoren Zisjordaniako beste hiri batzuetara hedatu zen. Arafat 1996tik hil arte izan zen Palestinako Aginte Nazionalaren buru.

1994an, Yitzhak Rabin eta Simon Peresekin batera, Bakearen Nobel Saria jaso zuen.

Hiru hamarraldi eta hildako asko joan dira ordutik, gehien-gehienak palestinarrak; iazko urriaren 7tik, dozenaka mila Gazan, ehunka Zisjordanian.



[1997] Izenburu «desegoki» bat

1997ko uztailaren 2ko “Egin”-en lehenengo orrialdeko izenburu nagusiak Estatu espainoleko politikari eta hedabide gehienen erreakzio sutua eragin zuen. «Ortega vuelve a la cárcel» izenburua nabarmendu zuen bere lehenengo orrialdean, aurreko egunean Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionario bahitua askatu izanaren berri emateko.

25 urte geroago gogorarazi zuen Iñaki Altuna kazetariak izenburu gutxienez desegoki hura: «‘Egin’-en asmoa alde batera utzita, baita egun haietako presioa zela-eta aurreikus zitekeenez gidoitik ateratzeko ahalegin ñimiñoena ere lintxamendurako motibo izan zitekeela ere, izenburu famatu hark bere bekatu jatorrizkoa zuen: krudelkeria zerion».

Aldi berean erreakzio hark egunkarian eragin zuen erreakzioaren bidez aztertu zuen. «Erredaktoreburuak [...] hurrengo eguneko editoriala du buruan, hobeto azaltzen saiatzeko eta lehen orrialde horrek eragin duen iruzkin eta purrustada oldeari aurre egiteko. Haren solaskideak erantzun dio ariketa hori egin behar bada seguru asko titularra gutxienez desegokia dela».