GARA
BILBO

Bizkaiko enpresen %65ek salmentak handitu zituen 2023an

Bizkaiko Foru Aldundiaren barometroaren arabera, lurralde honetako enpresen %65ek salmentak handitu zituen joan den urtean, eta %34k uste du aurtengo lehen seihilekoan iazkoan baino gehiago izango direla. Gainera, %57k merkatua suspertzen ari dela dio.

Sidenor enpresak Sestaon duen lantegiaren irudia.
Sidenor enpresak Sestaon duen lantegiaren irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko enpresen %65en salmentak hazi ziren pasa den urtean, eta %20enak mantendu egin ziren. Gainera, %57k merkatua hazten edo suspertzen ari dela uste du. Hala eta guztiz ere, «gehienak zuhur dira erronka ekonomiko globalen aurrean».

Hala dio Beaz sozietate publikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren enkarguz, enpresen egoera aztertzeko ondu duen barometroak. Atzo egin zituzten publiko azterketaren emaitzak eta, oro har, portaera ekonomiko positiboak erakutsi zituzten.

Aldundiak nabarmendu zuenez, «Bizkaiko enpresak etengabe hazten ari dira, eta euren lehiakortasun-posizioa hobetzen jarraitu nahi dute». Izan ere, galdekatutako enpresen (512, guztira) %65ek adierazi dute salmentak igo zituztela 2023an, eta horietako %39k esan dute igoera %15etik gorakoa izan dela.

Bestalde, enpresen %72k aurreikusten du urte honetan zehar hobekuntzaren bat edo beste egingo duela bere antolaketan, eta %63k esaten du berrikuntza-, inbertsio- edo nazioartekotze-proiektu berriak gauzatuko dituela.

Elkarrizketatutako enpresen %57k uste du merkatua suspertze- eta hazkunde-fasean dagoela, eta %7k bakarrik iritzi dio atzeraldi-joera duen merkatu batean ari dela.

Halere, aipatu zituzten hazkunde ekonomikoa oztopatu zuten aldagaiak ere. Besteak beste, lehengaien eta azpiosagaien prezioa eta hornidura eta prezioen aldakortasuna.

Haien kezkez galdetuta, gehiengoak, %53k, erantzun du lan-kostuek kezkatzen dutela gehien. %41ek lehengaien prezioa eta hornidura aipatu zituen, eta %41ek langileak erakartzeko eta leialtzeko zailtasunak. Horien atzetik erantzun zuten errentagarritasunaren jaitsiera (%39) eta lan-absentismoa (%34).

Halaber, %71k adierazi du merkatu berritzaile batean jarduten duela, eta bi herenek esan dute beren lehiakideek gaitasun espezializatuak dituztela. Aldundiak nabarmendu zuenez, horrek esan nahi du berrikuntzaren kultura «nahitaez onartu behar dutela Bizkaiko enpresek».

LEHEN SEIHILEKOA

2024ko lehen seihilekorako aurreikuspenei dagokienez, %45ek uste du aldi horretako salmentak iazko aldi berekoen antzekoak izango direla, eta %35ek uste du handiagoak izango direla.

Enpresen %61ek aurreikusten du 2024ko lehen seihilekoan marjina ekonomikoak mantendu egingo direla aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta %23k hobekuntza aurreikusten du. Gehienek uste dute enplegu-mailak bere horretan jarraituko duela, baina elkarrizketatuen %22k aurreikusten du enpleguak gora egingo duela lehen seihilekoan.

Bizkaiko Aldundiak adierazi zuenez, enpresen egoera ekonomikoak ona dirudi; izan ere, elkarrizketatutako enpresen %87k adierazi zuen baliabide propioak dituela bere proiektuak finantzatzeko eta baliabide horiek dirulaguntza publiko edota banku-finantzaketa osagarriren batekin konbinatuko dituela.