GARA
BAIONA
ASANBLEA NAZIONALERAKO HAUTESKUNDEEN LEHEN ITZULIAREN OSTEKOA

Bultzadari eutsiz RNren aurka erreakzionatzera deitu du NFPk

NFP Fronte Popular Berriko hautagaiek agerraldia egin zuten atzo, Baionan, eta, RN Batasun Nazionala Ipar Euskal Herrian «babes garrantzitsua» lortzen ari dela-eta, igandeko bozetan hari aurre egiteko deia egin zuten. EAJ-PNBk ere eskuin muturraren aurka bozkatzeko galdegin du, baina ez du alderdi edo hautagai zehatzik babestu.

Fronte Popular Berriko hautagaiak, Baionan egin zuten agerraldian.
Fronte Popular Berriko hautagaiak, Baionan egin zuten agerraldian. (Patxi BELTZAIZ)

Eskuin muturra, Ipar Euskal Herrian sustraituta egon ez arren eta lurralde honetarako proposamenik ez badu ere, «babes garrantzitsua lortzen ari da» Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Hori ohartarazi zuten NFP Fronte Popular Berriko hautagaiek atzo Baionan egin zuten agerraldian. Peio Dufau EH Baiko kide eta hautagaiak RN Batasun Nazionalaren emaitzen aurrean erreakzionatzeko deia egin zien herritarrei.

Ezkerreko koalizioaren ustez, igandeko parte hartzeak erakutsi zuen «azken 25 urteetan egin ez bezala» mobilizatu zirela euskal herritarrak, hiru barrutietan Fronte Popular Berria hautatuz. Bultzada horrekin uztailaren 7ra, bigarren itzulira, iritsi beharra azpimarratu zuen: «Mobilizazioa hasi baizik ez da egin!», erran zuten 4., 5. eta 6. barrutietako ordezkariek.

Izan ere, eskuin muturrak Asanblea Nazionalean ge- hiengoa eskura lezake, eta, lehen itzulian Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan Fronte Popular Berria gailendu bazen ere, ultraeskuina «babes garrantzitsua» lortzen ari dela gaztigatu zuten hautagai ezkertiarrek. «Eskuin muturraren emaitzen aitzinean erreakzionatu behar dugu», aldarrikatu zuen Peio Dufauk, 6. hautesbarrutian Batasun Nazionalarekin eta Ensemblerekin lehiatuko den hautagai abertzaleak.

Fronte Popular Berriaren hitzetan, «Emmanuel Macron presidenteak bultzatu eta zentro-eskuineko blokeak segitu izan duen politikak» hauspotu dute eskuin muturraren gorakada izugarria. «Politika horrek gure erosahalmenaren aurrekaririk gabeko degradazioa eragin du, gure gizartearen oinarriak murriztu ditu, indibidualismoa emendatuz eta eztabaidarako gune sosegatuak garatzeko gai ez dela agertuz», esplikatu zuten agerraldian.

DEVEZEK UTZI BEHARKO LUKE

Fronte Popular Berriko hautagaiek itxaropen mezu bat igorri zieten hautesleei. Beren erranetan, ezkerreko koalizioak aurkeztu duen programak «urte askoan inoiz ikusi ez den harrera izan du». «Hala, 300 ekonomialarik, tartean Esther Duflo Nobel saridunak, atal ekonomiko hau babestu dute eta hura hobetzeko lanean ari dira», zehaztu zuten.

Hain zuzen, programa hori oinarri gisa hartuta, eta bozen lehen itzulian Ipar Euskal Herriak ezkerrari eman zion bultzadari eutsiz, Parisera iritsi nahi du EH Baik, bertan Euskal Herriari eragingo dioten politikak bultzatzeko. Ildo horretan, zenbait asmoren berri eman zuen Peio Dufauk: Euskal Herrian duintasunez bizitzeko eta lan egiteko eskubidea bermatzea, laborantzari laguntzea, euskararen garapenean eragitea eta klima aldaketak dakartzan arriskuen aurreikuspena lantzea.

Bestetik, kazetarien galderei erantzunez, Dufauk adierazi zuen bere ustez seigarren hautesbarrutiko Christian Devezek (Modem) bere hautagaitza bertan behera utzi beharko lukeela. «Arriskuan uzten gaitu, zeren [Emmanuelle] Brissonen bozak biltzen ahal ditu eta, hala bada, eskuin muturra pasako da. Gaur egun, alternatiba bakarra gu gara, gu gara aterabidea», esan zuen.

EAJ-PNB: ESKUIN MUTURRAREN AURKA, ZEHAZTASUNIK GABE

Bestetik, EAJ-PNB bigarren itzulira igarotzeko aukerarik gabe geratu ostean, bere zuzendaritza astelehen arratsaldean bildu zen, bere hautesleen boto norabidea deliberatzeko, eta atzo eman zuen erabakiaren berri: alderdi zehatz bat babesteko ez, baina RNk ordezkatzen duen eskuin muturraren kontra egiteko eskatu die bere boto-emaileei.

Euskal Herriarentzat eskuin muturrak dakarren arriskuaren aurrean, EAJk «urteetan zehar eraiki dituen adostasun zabalengatik» eta alderdiak «dituen balio humanistengatik», erantzukizunez jokatzeko eta «tinko eta anbiguotasunik gabe», RN Batasun Nazionalaren kontrako botoa emateko eskatu du, ez dezan gehiengoa lortu Asanblea Nazionalean.

Ohar batean gogorarazi zuenez, EAJ beti altxatu da ideologia faxistaren aurrean. «Duela 88 urteko altxamendu frankistaren garaian, EAJ-PNBk Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutu bat lortu zuen, sozialistekin, komunistekin, ezker errepublikazalearekin... Frankismoaren eta, geroago, nazismoaren kontra borrokatu da EAJ-PNB, Frantziako erresistentziaren ondoan», adierazi zuen.

Seigarren barrutian, Fronte Popular Berria, RN eta Ensemblekoak izango dira lehian hauteskundeen bigarren itzulian. Asteon, Emmanuelle Brisson LR Errepublikanoen hautagaiak iragarri du Christian Devezeri emango diola botoa, eta bere hautesleriak -8.546 boto lortu zituen igandean- haren aldera metatzen baditu indarrak, oztopo izan daiteke Peio Dufau abertzaleak (EH Bai, Fronte Popular Berria koalizioan) garaipena errepikatzeko bidean.

Alta, EAJ bigarren itzulira igaroko ez bada ere, haren boto-emaileek eragina izan dezakete seigarren barrutiko emaitzetan, baldin eta Dufauren alde egiten badute, iragan igandean 3.712 boto lortu baitzituen Jean Telletxea hautagai jeltzaleak; hau da, emandako botoen %4,95.

Bestalde, laugarren hautesbarrutian, Resistons! taldeko Jean Lasallek erabaki du ez duela bere hautagaitza baztertuko, lehen itzulian hirugarren geratutako alderdiek eskuin muturraren garaipenak ekiditeko hartutako erabaki ia orokorrari kontra eginez. Lasallek atzo azaldu zuen Batasun Nazionalak ez ezik Fronte Popular Berriko Jean-Luc Melenchonek ere galduko duela ziurtatu nahi duela erabaki ho- rrekin. Izan ere, biak dira «muturreko», Lasalleren ustez.