GARA
BILBO

Industriaren historia eta flysch-a lotu ditu Martin del Bustok bere obran

Bizkaiko industriaren historia eta horrek euskal paisaian izandako eragina ditu oinarri Itsasmuseumen ateak ireki dituen proiektuak. Hogeita hamarren bat lanen aukeraketa da eta ikus-entzunezko bat ere badago.

«Flysch» erakusketa bihartik irailaren 15era arte egongo da zabalik, Carol Iglesias Espazioan.

Martin del Busto, atzo, Itsasmuseumen ireki duen erakusketan.
Martin del Busto, atzo, Itsasmuseumen ireki duen erakusketan. (Mikel MARTINEZ DE TREPUENTES | FOKU)

Flyscha jorratzen duten lanak aurkeztu ditu Martin Del Bustok (Bilbo, 1999) eta Bizkaiko metalurgiaren iraganarekin antzekotasun batzuk proposatzen ditu, metalaren edo estali gabeko paperaren gainean inprimatzeko teknika desberdinekin egindako esperimentazioaren bidez. Egitura horietako asko antropozenoan inspiratuta daude. Termino hori gizakiak Lurrean duen inpaktua ezaugarri duen garai geologiko bati dagokio.

Estaldurarik gabeko paperean, altzairuzko xafla gainean eta urtutako aluminio gainean inprimatutako lanak dira. Labe Garaiak, La Naval eta Chatarras Gescrap-en aztarnak irudikatzen dituzte, baina flysch haitzezko labarren, hondartzen eta kobazuloen irudiak ere jasotzen dituzte, Bizkaiko kostaldeko beste paisaia batzuen artean.

Proiektuaren izenburuak, “Flysch”-ek, euskal kostaldeko zenbait lekutan dauden harri sedimentatuko geruzei egiten die erreferentzia, batetik, eta, bestetik, hitzaren jatorri germanikoari berari: «Jariatu edo irristatu».

EGOERAK

Anbiguotasun, iragankortasun edo mugimendua bezalako alderdiekin jolas egiten dute irudiek, itxuraz kontrajarriak diren Bizkaiko paisaia desberdinen bitartez. Hainbat inprimaketa-teknikaren bidez, prozesu metalurgikoaren egoera desberdinak planteatzen dira.

Estaldurarik gabeko paperaren gainean inprimatuta, tintak irrist egitea lortzen da, irudiak “urtu“ egiten dira eta efektu “jariakorra” sortzen da.

Bat-batean, harriak eta metalak antzekoak dira eta abstrakzio batzuk sortzen dira. Hala ere, inprimaketa ultramorearekin, zuzenean altzairu edo aluminioaren gainean, materiala errespetatzea eta argazkien jatorrizko testurak goratzea lortzen da.

ABSTRAKZIOAK

«Nire asmoa abstrakzioak sor zitzaketen teknikak erabiltzea zen», azpimarratu zuen aurkezpenean argazkilariak.

Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak egilearen berezko hizkuntza eta materialen berrikuntza nabarmendu zituen.

Erakusketa honetarako 60.000 argazki baino gehiago egin zituen Martin del Bustok. «Pieza asko ez dakigu zer diren, eta bideoak flyscheko itsaslabarrak zer diren erakusten du hitzez hitz, erakusketaren atzean dagoen ideia, alegia», azaldu zuen atzo. Ikus-entzunezko pieza «erakusketaren zatirik literalena» da, bere hitzetan.

Bihar arratsaldean, 18.00etatik 21.00etara, erakusketaren irekiera ekitaldia egingo da Itsasmuseumen, eta argazkilariak berak erakusketaren berri emango die bertaratzen direnei.