GARA
BILBO

Arcade Fire, Grace Jones, Massive Attack, The Prodigy... BBK Live prest da

Arcade Fire, Massive Attack, The Prodigy, Grace Jones, Jungle, AIR, Slowdive, Ezra Collective, Underworld, Airu, Mulatu Astatke, El Columpio Asesino, Shinova, Zea Mays... zerrenda luzea da. Kobetamendi zale andanaren zain egongo dira denak datorren asteburuan, ostegunean hasi eta igandera bitartean. Lau egunez izango da zer ikusi, entzun, dantzatu eta gozatu.

Grace Jones ezaguna da zinema, moda eta musika arloetan.
Grace Jones ezaguna da zinema, moda eta musika arloetan. (Andrea KLARIN)

Euskal Herriko eta nazioarteko musikazaleek Kobetamendiko lurrak hartuko dituzte datorren uztailaren 11tik 13ra. Aitzakia, Euskal Herrian egiten den musika jaialdirik handiena: BBK Live.

Arcade Fire, Jungle, Massive Attack, The Prodigy eta Underworld ere Kobetamendin arituko dira. «Bristoletik, ez dira faltako Massive Attack, trip-hoparen sortzaileak, ezta 2000ko hamarkadako ereserki elektroniko handien maisu eta sortzaileak ere, The Prodigy eta Underworld. Khruangbin hirukote texastarrak bidaia eskainiko die bertaratutakoei eta Parcels australiarrek indie eta elektronikaren arteko mugak ezabatuko dituzte», diote.

ZEA MAYS ETA EL COLUMPIO ASESINO

Gainera, Airu, Alvvays, Los Bitchos, Cymande, Death from Above 1979, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba, Ezra Collective, Floating Points, Folamour A/V, Jimena Amarillo, Jordan Rakei, Jpegmafia, Mulatu Astatke, Nerve Agent, Noname, Overmono, Queralt Lahoz, Ralphie Choo, Sen Senra, Shinova eta Zea Mays ere izango dira jaialdian. Azken bi talde hauekin batera, kartelean dira El Columpio Asesino, etxekoen ordezkaritza osatzen, beste batzuekin batera. Agurreko bidaian geldialdi berezia egingo dute nafarrek Kobetamendin.

GRACE JONES

Ezin aipatu gabe utzi Grace Jonesen izena. «Historiako artista berezi eta ikonikoenetako bat da», esan dute jaialdiaren sustatzaileek.

Jamaikan jaioa eta New Yorken hazia, Grace underground bitxienaren ikurra da, Studio 54 mitikokoa, eta zinema, moda eta musikaren artean etengabe mugitu dena. Grace Jones Bilbao BBK Liven izango da, “Slave to the Rhythm” edo “Corporate Cannibal” bezalako dance musikako kanta monumentalak aurkezten.

Horrez gain, AIR talde frantziarra Bilbao BBK Live 2024an izango da “Moon Safari” disko ikonikoa jotzen, soinu elektronikoen eta atmosfera sentsual, sofistikatu eta hunkigarrien fusio paregabea.

Eta larunbatean, Slowdive ikono britainiarrak izango dira, soinu-engranaje inguratzaileenen eta klima oniriko bizienen sortzaileak.

BBK Live jaialdiak garapen handia izan du azken urteetan eta ikuspegi poliedrikoa eskaintzen die bertaratzen diren musikazaleei. Horren erakusgarri da Bereziak programa; musika Kobetamendiz harago entzun ahalko da horri esker.

«Bilbao BBK Live belaunaldien arteko bidaia izango da beste behin, azken garaietan markatutako soinu eta ikonoen artean. 2011ko edizioaz geroztik gertatzen ari den bezala, musika guztia ez da Kobetamendiko garaietatik bakarrik entzungo. Bereziak indartsu dator aurten ere, sarrera libreko hiru kontzertu jardunaldirekin, hiriguneko hainbat puntutan dauden publiko guztientzat», adierazi zuten antolatzaileek duela aste batzuk egindako aurkezpenean.

ALDAKETA SOZIALA

Industria Sortzaileak fundazioaren proiektua da Bereziak, eta Bilbao BBK Liverekin batera, musikarekin, kulturarekin eta aniztasunarekin duten konpromiso hautsezinari eusten diote. «Proiektu sozial hau sendotu egiten da, jaialdiaren mugak gainditu eta aldaketa sozialerako katalizatzaile bihurtuko den esperientzia paregabea sortzeko helburuarekin, herritar guztien parte hartzea sustatuz eta eragiten duen komunitateari balioa emanez», adierazi dute.

Programazioarekin hasteko, uztailaren 11n, Martin Urrutia arituko da BBK Aretoan; ostiralean, hilak 12, eta larunbatean, hilak 13, hiru agertokitan banatutako proposamena izango da: Vueling Torres Isozaki, St. Petroni Albia eta San Migel Areatzako lorategiak. Azken honek bingo musikala hartuko du. Bertan, DJ batek kontzertuen arteko itxaronaldia girotuko du Bilbao BBK Liveren historiako hit handien errepasoa eginez.

Bigarren jardunaldi musikala oso eklektikoa izango da eta goiz eta eguerdi osoan zehar, Chancha via Circuito taldearen world music latinoamerikar elektronikaz gozatu ahal izango da, «Kyne eta Oddliquorren R & B-tik hurbilen dauden erritmo hiritarrenetatik pasatuz, gitarrak ahaztu gabe, La Habitacion Roja ezinbestekoei, Parquesvr beti lotsagabeei eta Iñesta, Repion ahizpek osatutako bikote elektrizanteari esker».

Bestalde, hilaren 13an, hirugarren eta azken egunean, Bilboko erdigunea Nudozurdoren azken urteetako bira ospatuenetako baten lekuko izango da, Morreoren pop elektronikoaz gain, bai eta Lisasinson riot girrrls, Samuraikoren comeback pop-punk berria eta Barry B eta Teo Lucadamoren barra beti zorrotz eta itsaskorrak ere.

INGURUMENA ETA JASANGARRITASUNA

Jaialdiak «ingurumenean duen eragina murriztu eta gizartean, kulturan eta ekonomian duen eragin positiboa areagotzeko» aurten hartu dituzten neurrien berri eman dute antolatzaileek. Hobekuntzak egin dituzte lur-eremua egokitzeko -bai jaialdira etortzen direnentzat, baita bertakoentzat ere-.

Aurreikuspenen arabera, uraren kontsumoa %40 bat murriztuko dute; esaterako, orain arte erabiltzen zuten hornidura higieniko-sanitarioa aldatu eta ura birzirkularazteko sistema eraginkorragoa erabiltzen duen beste bat jarri dute.

Bestalde, plastiko guztia kendu dute agertokietatik. Agertoki nagusia landare biziekin estaliko da, eta gero birlandatu egingo dira. San Migel agertokia ezkata itxurako konposizio batekin apainduko da, zapakinez eta algaz egindako biomaterial bat erabilita. Garagardoa egitean sortzen diren hondakinak alga estraktuekin kozinatzen dira, eta biolarru jasangarri eta biodegradagarri bat sortzen da. Banan-banan egiten dira, eta ia 100 metro koadroko azalera hartuko dute. Ezkatak fabrikatzeko prozesuak zero hondakin sortzen du; beraz, karbono-aztarna positiboa uzten du, aipatu dutenaren arabera.