GARA
DONOSTIA

EAEko etxe bakoitzak 36.331 euro gastatu zituen 2023an; %4 gehiago

Eustaten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxe bakoitzeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen 2023an, 2022an baino %4 handiagoa. Hazkunde hori, batez ere, jolas, kirol eta kultur ondasun eta zerbitzuetan egindako gastuan oinarritu zen: 2022an baino %21,6 gehiago gastatu zuten EAEko etxeek alor horietan.

Batez beste, elikadura eta alkoholik gabeko edarietara gastu osoaren %15,7 bideratu zuen 2023an EAEko etxe bakoitzak.
Batez beste, elikadura eta alkoholik gabeko edarietara gastu osoaren %15,7 bideratu zuen 2023an EAEko etxe bakoitzak. (Endika PORTILLO | FOKU)

Etxe bakoitzeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan zen 2023an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2022an baino %4 handiagoa, eta hazi egin da aisialdira eta kulturara bideratutako gastua. Pertsonako batez besteko gastua, halaber, %4,5 hazi zen eta 15.570 eurokoa izan zen iaz, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.

Gastu taldeei dagokienez, etxe bakoitzeko batez besteko gastuak gora egin du 12 taldetatik 8tan. Etxe bakoitzeko batez besteko gastuak aisialdi eta kultura taldean izan zuen igoera handiena iaz, %21,6ko hazkundearekin 2022aren aldean; hala, oro har, etxe bakoitzak 1.745 euroko gastua bideratu zuen alor horietara.

Hazkunde hori, batez ere, jolasean, kirolean eta kulturan egindako gastuan oinarritu zen. Multzo horrek gastuaren %62 hartu zuen, turismoak %19 eta gainerako %19a ikus-entzunezkoetan, argazkigintzan, prentsan eta liburuetan egin zen, besteak beste.

Bestelako ondasun eta zerbitzuetara bideratu zuten EAEko etxeek beren gastu osoaren %8,4; %6,2 jatetxe eta hoteletara -urteko 4.088 euroko batez besteko gastuarekin-, osasunera %5,8 -1.272 euro-, elikagai eta alkoholik gabeko edarietara %5, eta etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelakoetara %4,5.

Aitzitik, 2022aren aldean, etxeko batez besteko gastuak gutxitu egin ziren irakaskuntzan (-%15,6); altzari, etxeko gai eta etxeko mantentze arrunterako gaietan (-%5,3) eta komunikazioetan (-%3,2), aurreko urteetan izandako joerarekin jarraituz.

Kontsumoaren egiturari dagokionez, etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaien gastua izan zen EAEko etxeetako altuena, herena baino gehiago kontzeptu horietara bideratu baitzuten (%35,4); hau da, etxe bakoitzeko 12.849 euro urtean 2023an.

Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da 2023an %8,8 jaitsi zela energia-fakturaren gastua, %11,9 elektrizitatearena eta %4,1 gasarena, 2022. urtearekin alderatuta.

Elikadura eta alkoholik gabeko edariei dagokienez, hamarren bat gehiago ordaindu dute EAEko etxeek 2022aren aldean, eta gastuaren %15,7 izan zen 2023an; hau da, 5.714 euro etxe bakoitzeko.

Etxebizitza, honi lotutako gastuak eta elikadura multzo berean hartuz gero, batez besteko aurrekontu osoaren %51,1 izan zen iaz, 2022an (%50,8) baino zertxobait gehiago.

Jatetxeak eta hotelak taldean egindako gastuaren garrantziak ere gora egiten jarraitu zuen (4.088 euro urtean etxe bakoitzeko 2023an), %11,3raino iritsiz.

ZENBAKI ABSOLUTUETAN

Bestalde, EAEko etxeek kontsumoan egindako gastua 34.272 milioi eurokoa izan zen 2023an, aurreko ekitaldian baino %5 gehiago, bilakaera desberdinak erregistratuz gastu taldeetan. Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaien gastuak eta elikagaiak eta alkoholik gabeko edarienak, %5,4 eta %5,9 igo ziren 2022aren aldean, hurrenez hurren.

Atzetik, EAEko etxeek jatetxeak eta hotelak taldera bideratutako batez besteko gastua 3.856 milioikoa izan zen orotara, 2022an baino %7,2 handiagoa. Nabarmentzekoa da, halaber, aisia eta kultura taldean egindako gastu osoa, %22,8 hazi baitzen 2023an, 1.646 milioi eurora iritsiz.

Gastua, aldiz, murriztu egin zen irakaskuntza (-%14,9), altzariak, etxeko artikuluak eta etxeko mantentze lan arruntetarako artikuluak (-%4,4) eta komunikazioak (-%2,3) taldeetan, Eustaten arabera.

Lurraldeka, EAEko 2023ko kontsumoko gastu osoaren %15,5 Arabako familiek egin zuten, Bizkaikoek %52,9 eta Gipuzkoakoek %31,6.