Beñi AGIRRE OIARTZABAL
Hernani
KOLABORAZIOA

Noaingo bataila, Amaiur eta Hondarribiaren defentsa

Jauntxoak eta Eliza komuneroen aurkako gerran bete-betean sartuta zirela, 1521ean, Nafarroako Henrike II.ak bere koinatu Frantziako Frantzisko I. erregearen laguntza lortu zuen Gaztelak bederatzi urte lehenago inbaditu, konkistatu eta okupatutako Nafarroako erresuma berreskuratzeko.

Lehendik ere, Henrike II.aren gurasoak, Joan Albretekoa eta Katalina Foixkoa, makina bat aldiz saiatu ziren gaztelarrak Nafarroatik bidaltzen; baina, 1521ekoak zirudien «oraingoan bai» esateko modukoa. Henrike semea errege zela eta bere zerbitzura jarritako nafar eta Bearnoko osteei frantsesen laguntza «epela» gehituta garaile izan ziren Iruñeko ateetaraino. Hiriburuko jende leialaren laguntzaz, gaztelarrentzat defendatzen zuen Ignazio Loiolakoa zauritu eta Iruñeko erresumaren azken gotorlekura iritsi ziren, Logroñori setioa jarrita.

Villalarreko porrotaren ondoren, ahulduta komuneroak eta Gaztelako nobleek, elizak eta enperadore berriaren tropak landalurreko nekazariak lehen lerroan jarrita, atzerarazi zituzten nafar-frantsesak. Karlos V.a zen Inperio Sakratuaren enperadorea, Filipe Habsburgokoaren eta Joana I.a Gaztelakoaren semea. Ganten jaioa zen, Belgika iparraldean; gaztelaniaz tutik jakin ez arren amaren sena eta amorrazio inperiala jaso zuen. Berak eta bere tropa alemaniarrak gidatu zituzten Nafarroa desagerrarazteko azken-aurreko batailak: Noain 1521ean, Amaiur 1522an eta Hondarribia 1524an. Erresumak Nafarroa Beherean bizirik jarraitu zuen.

Zenbaki desberdintasun handia. Kolpe handiena 1521ean jaso zen. Gudua Ezkirotz, Erreniaga eta Noaingo zelaien artean jokatu zen. Gaztelako kondestableak zuzendutako kontraerasoa 30.000 soldaduz osatua zegoen eta nafar-bearnesak apenas 8.000 ziren. Gutxirako balio izan zuten defentsarako kanoi astunek eta eliteko frantses jendarmeek; are gutxiago, hauek diziplina hautsi eta lerrotik ihes egin zutenean. Nafar-gaskoi tropetako 5.000 lagun hilda utzi zituen, Gaztelarrak ez dago garbi, baina, gutxi.

Salbatu ziren nafar gutxiek mendialdeko bidea hartu behar izan zuten, Iruñea inbaditzaileen eskura erori zen berriro eta Henrike II. ak berak eta bere leialek Pirinioetako bortuz bestaldeko haranetan antolatu zuten erresistentzia.

Handik urtebetera, 1522an, ehundik gora nafar leialek Amaiur gaztelua hartu zuten Jaime Belaz Medrano kapitainaren agindupean. Gaztelarrek gaztelua setiatu zuten eta 16 kanoi espainiarrek bonbardatu zuten eguna joan eguna etorri. Espainiarrak ez izateko borrokatzen ziren haiek ezin izan zuten ezer egin etsaiaren indarraren aurrean.

Karlos V.a enperadoreak frantziarren kontrako erasoa antolatu zuen 1523-24ko neguan. Alabaina, Europan porrot egin eta bere ejerzitoaren hondarrak Hondarribia blokeatzera bidali zituen. 1524ko otsailean frantsesek hiria utzi zuten; hortaz, nafarrak bakarrik geratu ziren Petri Nafarrokoaren izen bereko semearen aginduetara. Hondarribia 1524ko apirilaren 29an errenditu zen espainolen aurrean, 824. urtean erresuma sortu eta handik 700 urtera. Nafarroako erresuma 1620an desagertu zen Europako estatu subiranoen zerrendatik, baina euskalnafarrak ez dira izan ez erantziak, ez asimilatuak eta, are eta gutxiago, betirako garaituak.