GARA
BILBO

Save the Childrenek udalekuak antolatu ditu bazterketa arriskuan dauden haurrentzat

Eskolako oporrak erronka bat dira familia askoren kontziliaziorako, bereziki zaurgarritasun egoeran daudenentzat. EAEn, haurrak dituzten etxeen %22k ezin dute oporretara edo udalekuetara joan. Save the Childrenek udalekuak eskaintzen dizkie.

Uztailean egingo dira Save the Childrenen udaleku hauek.
Uztailean egingo dira Save the Childrenen udaleku hauek. (SAVE THE CHILDREN)

Save the Childrenen udalekuek familia eta lanaren uztarketa, aisialdiko eta kulturako jarduerak, elikadura ohitura onak, laguntza emozionala eta hezkuntza errefortzua sustatu nahi dituzte. Izan ere, Bizi Baldintzen Inkestaren (BBI) arabera, haurrak dituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeen %22k ezin dute oporretara edo udalekuetara joan.

Jarduera horien kostu handiak ez du laguntzen; izan ere, haur bat hazteko urteko gastuaren %20 izan daitekeela kalkulatu du erakundeak. Hau da, hilean 1.930 euro jasotzen dituen bi heldu eta bi seme-alaba dituen familia batek 500 euro inguru bideratu beharko lituzke bien udalekuetarako. Kontuan hartuta EAEn hileko kostua 769 euro ingurukoa dela seme-alaba bakoitzeko, milaka familiak ezin dute jarduera horietan parte hartu. «Udalekuetako gastuak murrizten lehenetarikoak dira, eta horrek eragin handia du haurren ongizatean eta garapen osasungarrian. Familia horiek lana eta familia uztartzerakoan ere ondorioak ditu, eta lan prekaritatearen zirkuluak iraunarazten ditu», adierazi zuen atzo Charo Arranz Save the Children Euskadiko zuzendariak.

TELELANA ETA SAREAK

Erakundearen esanetan, eskolarik gabeko aldietan, telelana eta familia laguntzeko sareak lagungarriak dira familiek kontziliatu ahal izateko. Hala ere, zaurgarrienen artean, telelan gutxiago egiten da. Horietako askok zerbitzuen sektorean egiten dute lan. Gainera, gehienek ez dute laguntza sarerik, batez ere ama bakarra duten familietan.

Egoera horren aitzinean, Save the Childrenek udalekuak jarri ditu abian beste urte batez, pobrezia eta gizarte bazterketa egoeran dauden 3 eta 17 urte bitarteko 2.400 haur eta nerabe baino gehiagorentzat. Horietatik 380k Barakaldoko Haur eta Nerabeentzako Baliabide Zentroan (CRIA) antolatutako guneetan parte hartuko dute, Udalaren laguntzarekin, baita Bilbon eta Gasteizen ere, Bakuva elkartearekin eta Gasteizko Udalarekin batera.

GARAPEN JASANGARRIRAKO HELBURUAK

«Asko gustatzen zait udalekuetara etortzea, batez ere hondartzara joatea», esan zuen Lucasek, Barakaldoko udalekuetan dabilen 11 urteko haurrak. Hiri honetan prestatu den programazioaren ardatz nagusia Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) eguneroko jardueretan txertatzea da. Nekane Marañon koordinatzaileak azaldu zuenez, bideo joko bizi baten bidez, hainbat jarduera egingo dituzte, egunero helburu bati helduz.

Save the Childrenen udako kanpaina La Caixa Fundazioarekin lankidetzan egiten da, Barakaldoko Udalaren eta Gasteizko Udalaren babesean.