«Kale gorrian dauden adin txikiko migranteak hainbat dira Bilbon»
Ana Elena Altuna (Eibar, 1957) buru-belarri aritzen da militantzian. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kidea da, eta bere esperientziak eman dion jakintzarekin lagundu du asteon “Haur migratzaileak eta giza eskubideak” ikastaroa osatzen. Iker Barbero EHUko Zuzenbideko irakasle agregatuak eta Cristina Manzanedo abokatuak zuzendu dute ikastaroa.
«Haur migratzaileak eta giza eskubideak» Udako Ikastaroan parte hartu duzu asteon. Zer moduz joan da?
Oso interesgarriak izan dira bi egun hauek, zeren gai honetaz oso gutxi hitz egiten da. Gainera, gai honetan profesionalki inplikatuta dagoen jendea egon da; polizia, fiskaltza, gizarte langileak, abokatuak… Falta izan dira, kakotx artean, ‘biktimak’, hau da, sufritu dutenen testigantza errealak. Baina pentsatzen dut hurrengo batean kabida izango dutela. Kurtso honetan ni nintzen profesionala ez den bakarra, eta nire asmoa izan da pertsonen bizitzei buruz ari garela gogoratzea.
Besteak beste, David Bartolome Sanz Polizia Nazionaleko Aberriratze Unitate Zentraleko burua izan zenuen mahaikide, eta honek «pertsonen trafikoa» egiten duten mafien kontrako borrokan kokatu zuen migrazioari buruzko diskurtsoa.
Nik beti esaten dut; zuk eta nik, bidaiatzeko, ez dugu mafiarik behar. Mafiak existitzeko arrazoiak gure legeak dira, pertsona horiek ezin direlako mugitu zu eta ni bezala. Bidaia garestia da, noski. Eta gure legeak gogortzen diren heinean, bidaia horiek garestitu egingo dira. Zergatik? Bitartekari gehiago ordaindu behar direlako. Bitartekari horiek arrisku gehiago hartzen dituzte eta, beraz, diru gehiago eskatzen dute.
Kanarietako adin txikikoentzako zerbitzuen «saturazioa» mintzagai izan da azken asteetan: Unicef-en arabera, han 2.000 adin txikiko artatzeko gaitasuna daukate, baina 5.000 baino gehiago daude orain instalazio kanariarretan. Afrikatik Europarako migrazioak aspaldi utzi zion koiunturala izateari; beraz, saturazioaz ari garenean, zerbitzuak indartzeko instituzioen borondate faltaz ere ari gara?
Saturazio hori aurreikus zitekeen. Eta ez bada aurretik neurririk hartu, borondaterik izan ez delako da. Interesatzen zaie ‘olatuaren’, ‘inbasioaren’ irudia ematea, eta hori ez da kasualitatea. Baina Euskal Herrian ere gertatzen da hau. Adibidez, Zornotzako egoitza 30 gazterentzat planifikatu zuten. Baina gehiago izango dira. Kanarietan berdin; zergatik bi mila?
Kanarietako egoera akuilu izan da atzo Tenerifen egin zen bilerarako: Estatuko erkidegoetako ordezkariak elkartu ziren, Espainiako eta Kanariar Irletako gobernuek adostutako aurreakordioa eztabaidatzeko. Aurreakordio horretan jasotzen da Atzerritartasun Legearen 35. artikulua aldatzea, derrigorrezkoa izan dadin bakarrik dauden adin txikikoak erkidego guztietan banatzea. Neurri egokia deritzozu?
Hasteko, ez da egia laguntzarik gabe, bakarrik, bidaiatzen dutela. Umeek ez dute egiten bidaia hori bakarrik, baina ezin dutenez egin bidaia zuk eta nik bezala, askotan, familiak zatika etortzen dira. Lehenengo aita edo ama iristen da Frantziara, adibidez, eta gero umeak datoz konfiantzazko pertsona batekin. Familia duten adin txikikoak dira, eta haien familiek ez dituzte arriskuan jartzen nahi dutelako, baizik ez daukatelako beste erremediorik. Gainera, bidaia luze horretan, etxetik ateratzen direnetik ontzi hori hartu arte, Maroko, Mauritania edo Senegalgo kostetan, mila gauza gerta daitezke! Horregatik, inor ez dator bakarrik.
Beraz, ez badatoz aita edo amarekin, eta DNA bidez ezin badira familia loturak egiaztatu, halako zentroetan sartzen dituzte. Ziur nago bost mila horietako askoren kasuan haien familiak Europan zehar daudela, jakin nahian beraien seme-alabak nola berreskuratu. Nola jarri harremanetan Espainiako edo Kanarietako instituzioekin, esateko ‘hemen nago, zer egin behar dut?’. Ahaleginak hortik etorriko balira, ziur zenbakia askoz txikiagoa izango litzatekeela. Baina hori egin ordez, banaketaz hitz egiten da.
Melillan izan zara, eta Bilbon Ongi Etorri Errefuxiatuak taldean aritzen zara. Zer kasu topatu dituzu?
Hasi ginenean Melillara joaten, konturatu ginen, Kanariak bezala, pasabidea dela hura ere. Adin txikikoen kasu asko ikusi nituen, mugan haien gurasoengandik banatu zituztenak, eta ikusi dut zer arazo izan dituzten familiek haurrak bereganatzeko. Hori hemen ez da ikusten, hona jada elkartuta iristen direlako. Eta ez bada horrela, adin txikikoak zentroetan egoten dira.
Kanarietan, pertsonak kostara iristen direnean, identifikatu egin behar dira, Poliziak hiru egun ditu horretarako. Atzerritarrak Aldi Batez Artatzeko Zentroetan sartzen dituzte eta hor egiten diete polizia-erreseina. Hor daudenean ematen dituzten datuak oso inportanteak dira beraien migrazio-fitxarako. Batzuetan, poliziek ez dituzte ondo jasotzen datuak, eta gertatzen da, baita ere, 16-17 urteko gazte batzuei bidean gomendatzen dietela esateko adinez nagusiak direla, errazagoa izango dutelako Kanarietatik irtetea. Horregatik, Euskal Herrian badago profil bat adin txikiko gazteena, beren pasaportearekin datoz, eta pasaporteak esaten du adin txikikoak direla. Baina fiskaltzaren txostenak dio adin nagusikoak direla, Kanarietan horrela jaso delako. Beraz, Bizkaiko adin txikientzako zentrora ezin dute joan, Aldundiak balio gehiago ematen diolako fiskaltzaren txostenari pasaporteari baino, eta kalean geratzen dira. Aldi berean, ezin dira erroldatu, haien pasaporteak dioelako adin txikikoak direla. Ezin dute eskoletan matrikularik egin legezko tutore bat ez badute. Kale gorrian dauden adin txikikoak, momentu honetan, hainbat dira Bilbon.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldean, nola jokatzen duzue adin txikikoekin?
Guk salatu egiten dugu, eta, ahal dugun neurrian, bizitzeko toki bat bilatzen diegu. Hemen badira hainbat elkarte migranteekin lan egiten dutenak, baina loturak dituzte instituzioekin, haien laguntza eta proiektuei esker bizi dira. Orduan, jende pila bat dago informazio asko duena, baina ez duena salatzen; ulergarria da. Guk borondatezko lana egiten dugu, eta horrek salatzeko abantaila ematen digu.
Salatzeaz aparte, zer egiten dugun? Gazteak iristen direnean, laguntzen diegu justizia eskatzen edo abokatuekin hitz egiten, adibidez. Baina oso prozedura luzeak dira. Kasu batekin, urtebete daramate epaiketaren zain, jakiteko ea Aldundiak arrazoia izan duen ala ez pertsona bat kanporatzerakoan. Beste kasu bat; urtarrilaren 10ean gazte batek epaiketa izan zuen, baina oraindik epaia jakiteko zain dago.
Ez da denbora asko Europako Batasuneko Migraziorako eta Asilorako Ituna onartu dela. Zer eragin izango du migratzen duten haur eta gazteengan?
Txarra, oso txarra. Proiektu horrekin, legeztatu egin dira orain arte legez kanpo egiten ziren praktikak, adibidez, pertsonen itzulketak mugetan. Eta, horren arabera, sei urtetik aurrerako umeak kanporatuak izan daitezke eta atxilotu egin ditzakete Atzerritarrak Atxikitzeko Zentroetan. Sei urte, pentsa. Burua galtzen ari gara, eta bihotza ere bai.