Blockbusterra
Uda: Blockbusterren garaia. “Gorroto ditut blockbusterrak’’, diote askok. Ba al dakigu, ordea, zehazki zer diren? Laburki azalduz, diru kopuru handiak mugitzen dituzten eta, normalean, errentagarriak izaten diren entretenimendurako produktuak dira.
Kontzeptu hau hobeto ulertzeko jatorrira bidaiatuko dut: historiako lehen blockbusterra Steven Spielberg-en “Jaws” (“Tiburón”, 1975) izan zen. Hasiera batean, era honetako filmak Estatu Batuetako “Memorial Day” (maiatzeko azken astelehena) eta “Labor Day” (irailean) izeneko egunen artean estreinatzen zituzten. Denbora-tarte hori anbiziotsuak ez ziren filmei bideratua zegoen, merkeak eta gazteei zuzendurikoak zirenei bereziki.
1975eko ekainaren 20an, ordea, “Jaws”-en estreinaldiak guztia aldatu zuen, filma AEBetako areto guztietan aldi berean estreinatu baitzen. Ordura arte, filmak normalean hiri garrantzitsuenetan soilik estreinatzen ziren eta ondoren, pixkanaka, zabaltzen joaten ziren hiri txiki guztietara iritsi arte. Pelikula hori 400 areto baino gehiagotan eman zuten eta lehen asteburuan bertan hamahiru milioiko zifra ikusgarria gainditzea lortu zuen.
Ikusleak modu masiboan joatearen arrazoia honakoa da: telebistako iragarkiak. Tira, telebista bera, eta aurretik sekula egin ez zen inbertsio ekonomiko bortitz baten eragina. Izan ere, Universal enpresak, ia 2 milioi dolar gastatu zituen telebistarako spot eta iragarkiak sortzeko.