GARA
BILBO

Sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko bigarren zentroa Bizkaian

Zerbitzuak dagoeneko bi zentro ditu, bata, publikoa, Bilboko Ledesma kalean eta, bestea, konfidentziala, eta hiru arreta-mota: krisi egoeretarako, informaziorako eta berreskuratze integrala.

Sexu erasoen biktimei laguntzeko zentro publikoa Bilbon.
Sexu erasoen biktimei laguntzeko zentro publikoa Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak sexu-indarkeriaren biktimei laguntza integrala emateko zerbitzuaren hedapena osatu du, arreta publikorako zentro bat jarri baitu martxan Bilboko Ledesma kalean. Hortaz, zerbitzuak dagoeneko bi zentro ditu (bestea konfidentziala) eta horietan hiru arreta-mota eskaintzen dira: krisi-egoeretarako, herritarrak informatzeko eta berreskuratze integralerako.

Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatu Teresa Laespadak atzoko aurkezpenean azpimarratu zuenez, zerbitzu honetan artatzen den emakumeak «erabaki guztiak hartuko ditu eta errespetatu egingo dira, ikuspegi feminista duten diziplina anitzeko profesionalez osaturiko talde baten laguntzarekin».

«Biktimak behar dituen denborak markatuko ditu eta beti errespetatuko da bere intimitatea. Gainera, argi izan behar du erabakia edozein dela ere horrek ez duela ezertara konprometitzen, eta lehen arretak ez diola jarraitzeko konpromisorik ezartzen. Bere autonomia beti errespetatuko da», azaldu zuen Laespadak.

Bi zentroak eta horien zerbitzu guztiak emango dituen taldea gizarte-lanean, psikologian, gizarte-hezkuntzan eta zuzenbidean esperientzia duten hogei profesional inguruk osatzen dute.

Abenduan lehen zentroa ireki zenetik, 263 kontsulta jaso dira, eta horietatik 105 kasutan espedientea ireki da eta biktimarentzako laguntza abiarazi da (11 presazko bidetik eta 94 bide arruntetik). 105 kasu horietatik 33 sexu-erasoak izan dira, erasotzailea biktimaren familia-ingurunekoa izanik (kasuen %31). Gainera, laguntza psikologikoaren esparruan, aurtengo urtarriletik ekainera bitartean, 113 pertsonari eman zaie arreta.