Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Programa, programa, programa

Sasoian sasoikoa. Eta urteak duen honetan, egunkariari baino gehiago egunkaria gizentzen duten gehigarriei erreparatzen diet. Egia esan ez dakit zergatik, ez naizelako ni jaien lar zalea! Baina tira, gehigarriei begira! Jaiak, festak, bestak… Santutegiko edozein santu izan daiteke aitzakia jaiak antolatzeko, domu-santua eta aita santua izan ezik. Santu, saindu edo done, denak balio du kaleak animatzeko. Santu-zale, urteko egun batzuetan sikiera! Amen! Bada, bai, egunotan programa gehiago irakurri ditut nik hauteskunde-kanpainetan baino. Eta hauetan legez haiek ere nahiko antzekoak, salbuespena salbuespen. Kanpainetan behintzat debateak izaten dira telebistan, hautagaien buru-osasuna neurtzeko baino ez bada ere. Bueno, buru-osasuna eta osasun-sistema bera neurtzeko…

Total, hasierako txupinazoa eta pregoia joanda, programa arau! Eguna argitzen duenerako txistulariak arian kalerik kale. Angelus ordurako meza nagusia, frontoitik kanpo. Ondoren kalejira, txistularien ibilbideari berari jarraituz. Denek zapia lepoan, batzuek musuzapi, mukizapi besteek. Bazkalaurretik txapelketak, berdin da zerena, baina txapelketa. Herri bazkaria plazan. Bazkalosteko denbora-tarte arraroa pasatuta (kontuak atera, programa hutsik ageri da tarte horretan), poteo musikatua, kalejira izandako ibilbide beretik. Iluntzean erromeria eta gauean kontzertua, bakoitza bere lekuan eta bere parrokiarekin. Eta gautxoriek, etxera bueltan direla, norekin eta txistulariekin bat egin! Eta etxera helduta zer eta euliak, eta euliak harrapatzeko eskegitako itsasgarri zer hori, madeinchina. Bada, bai, gaupasa batzuek eta egunpasa garbitzaileek, plastiko-uztan. Makrojaialdiak ere bestelako programetan. Horra NATO-Live! Karpaz beteriko guneak hor, zerrenda osoko Gaza gogoan.