GARA
BAIONA

Estatu frantsesaren «eredu jasanezina» salatu du Xuti Gaztek

Uztailaren 14an, Estatu frantseseko egun nagusian, Xuti Gaztek frantziar Estatuaren «eredu jasanezina» salatu zuen, egun honetan «frantziar proiektu jakobinoa inposatzen» zaiela deitoratuz eta Euskal Herriaren burujabetzan aitzinapausoak emateko asmoarekin.

Uztailaren 14ko jai «arrotzaren» aurkako pankarta.
Uztailaren 14ko jai «arrotzaren» aurkako pankarta. (XUTI GAZTE)

Ipar Euskal Herriko Xuti Gazte antolakundea uztailaren 14ko jai egun «arrotzak» frantziar Errepublikaren baloreak «goraipatzeko» duen helburuaren aurka agertu zen atzo, eta Estatuaren eredu «jasanezina» salatu zuen. Baionako besten oihartzuna baliatu du horretarako, bertako zubi batean haren aldarrikapenak eskegiz.

Atzo zabaldutako ohar batean azaldu zuenez, «muturreko egoera pairatzen dugu gazteok». Besteak beste, euskaraz ikasi eta mintzatzeko aukera «eskasa», etxebizitza «eskuraezina», lan prekaritatea, bortizkeria matxista, LGTBfoboa eta arrazista, goi mailako ikasketetarako eskaintza urria, lurraren «suntsipena» eta turismo masiboa aipatu zituzten. «Ezinezkoa bilakatu zaigu Ipar Euskal Herrian bizitzea, eta Frantziara joatera kondenatuak gara», gaineratu zuten.

Horrez gain, Baionako bestetan «uztailaren 14a goraipatzen duen proiektu neoliberalaren ondorioak argiki azaleratzen» direla uste dute Xuti Gazte antolakundetik, herritarren interesak alde batera utzita, Euskal Herriaren eta euskal kulturaren «folklorizazio eta merkantilizazioa» sustatzen delako.

Hortaz, gazteek euskaraz bizi, auzoetan emantzipatu eta hemen ikasi eta lan egin ahal izateko, besteak beste, «gazteon bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herritik bertatik eta gazteekin batera hartzea beharrezkoa izanen da; beraz, gazte abertzale eta ezkertiarrok ere Euskal Herriaren burujabetzan aitzinapausoak emateko prest gara», azaldu zuten, Xuti Gaztek atzo zabaldutako oharrean.

«Frantziar estatuaren eredu jasanezin honek eskuin muturraren igoera bultzatu du, baina ekainaren 30ean eta uztailaren 7an hautetsontzietan eta azken hilabetean karrikako mobilizazioetan Euskal Herriak eskuin muturra geldituko duela erakutsi du», adierazi zuten antolakundetik. «Orain, gazteoi dagokigu bide horretan segitzea, faxismoaren aurka egin eta gure ikurrak harro astinduz gazteontzako alternatiba ezkertiar eta abertzalea eraikiko dugu», erantsi zuen.