Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Baionan bai bestazale, bai delitu gutxiago izan da aurten, datu ofizialen arabera

Besten gaineko behin-behineko bilana ezagutarazteko agerraldia egin zuten atzo, Baionan. Data aldaketaren ondorioz bestazale kopurua %15-20 txikitu bada ere, hirian nagusitu den giro ederra nabarmendu du Jean-Rene Etchegaray auzapezak. Hiru sexu-eraso jakinarazi baziren ere, salaketarik ez izatea berri pozgarritzat jo du, bestalde, Jerome Bourrier prokuradoreak.

Bere argi eta ilun guztiekin, amaitu dira bestak.
Bere argi eta ilun guztiekin, amaitu dira bestak. (Guillaume FAIVEAU)

Gutxiago gehiago da. Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapeza ez da damu. Joan den uztailaren 10ean hasi eta bost egun iraun duten bestetan iazko errekorretik (1,3 milioi bestazale) urrun geldituko direla onartu zuen udal agintariak, atzo Suprefeturaren egoitzan eginiko agerraldian. Ohi denez, besten balorazioa ezagutarazteko ondoan izan zituen bai udal ordezkariak, baita Estatuko, Fiskaltzako eta Poliziako ordezkariak ere.

Bestazale kopurua aurten batez beste %15-20 murriztu dela kalkulatu du Baionako Herriko Etxeak.

Behin betiko zifren zain, «tokiko giroa berreskuratzeko» norabidea markatu duten bestetara milioi bat pertsona inguru batu direla azaldu zuen udal agintariak.

Besta antolaketari buruz martxan eman diren hainbat aldaketak, hala nola jendearen joan-jinak hobetzeko egindakoek, emaitza eman dutelako kontent azaldu zen auzapeza.

DATA BERRIEN ONURAK

Parisko Olinpiar Jokoek besten data aldarazi bazuten ere eta horrek, albo kalte gisara, Iruñeko sanferminekin talka egitea ekarri bazuen ere, oro har baionarrentzat aldaketa ez dela txarra izan, alderantziz baizik, iradoki zuen Etchegarayk.

Heldu den urteko besteei begira hartu beharreko irakaspenak hor direla nabarmendu zuen auzapezak. Daten gainean deus aipatzeko goiz bada ere, agintariak ez du guztiz alboratzen besta goiztiar horiek sorturiko molde berria atxikitzea.

Fabrice Rosay prefetordeak Estatuak plantan eman dituen zerbitzuen bilduma eskaini du.

Armada, Jendarmeria, Polizia eta segurtasun pribatuko uniformedunek osatu dute segurtasun dispositiboa. Horiekin batera, babes zibileko langileak aritu dira. Orotara 900 bat agentek jardun dute egunero bestetan «herritarren segurtasuna bermatzen».

Jerome Bourrier prokuradoreak zehaztu duenez, iazko bilanarekin alderatuta erdira murriztu da delitu kopurua. 300 salaketa jaso dituzte aurten segurtasun indarrek. 2023an 920 izan ziren. Era berean, bikoiztu egin da atxiloketa kopurua. 55 lagun atzeman dituzte besten garaian.

Hori dela eta, segurtasun dispositiboaren eraginkortasuna nabarmendu dute Estatu arduradunek. Hala eta guztiz ere, «larritasun bereziko» gertakari bi izan direla aitortu dute.

Hala, Euskaldunen Plazan, autobus batean piztu zen borrokaren ondorioz oso egoera larrian ospitaleratu zuten 58 urteko Landetako gizon bat besten hasieran. Bestalde, istripu larria gertatu zen asteburuan harresietan. Debekatuta dagoen eremuan kanpin-denda jarri ondoren, sei metroko altueratik lurrera erori zen bikote gazte bat. Bestetik, ikerketa bat emateko Bourrier prokuradoreak erakutsitako borondatetik harago, igandean sare sozialen bidez ezagutu zen erasoari buruz ez dute aipamenik jaso bestei buruzko bilan ofizialean.

Ezezagun batek bi emazte bortizki kolpekatu zituen San Andres plazan, lurrean zen gizonaren aurkako jipoia gelditzen saiatu zirenean. Igandean salatu zuten izeba-ilobak gertatutakoa.

Finean, sexu indarkeria saihesteko egitasmoak indartzeak emaitza onak eman dituelako konforme azaldu dira agintariak besten ostean.

Itaia talde feministak ezarritako babesgunean dozena bat testigantza jaso badituzte ere, prokuradorearen esanetan, guztira hiru sexu eraso jakinarazi ziren igaro berri diren bestetan. Horiek guztiek jarraipen judizialik ez dutela izan argitu ostean, bortxaketa salaketarik ez izatea bestetako «benetako emaitza ona» izan dela gaineratu du Jerome Bourrierrek.



Dos mujeres agredidas al interponerse en una paliza

Mediabask publicó, ayer, el testimonio de una mujer que aparece en un vídeo, captado el 13 de julio, y que se ha hecho viral en las redes sociales. La grabación muestra a una bestazale recibiendo un fuerte puñetazo en pleno rostro. Elodie Lasseguette y su tía atravesaban un abarrotado Saint-André cuando vieron a un hombre inerte en el suelo que estaba siendo golpeado por tres hombres. Tras emplazar a los agresores para que pararan, una de las bestazales fue empujada con fuerza, hasta el punto de romperse el codo. La otra cayó al suelo tras recibir un fuerte puñetazo que le ha dejado un gran hematoma en un ojo y la cara hinchada. GARA