Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Egiantza

Esango nuke ez naizela bakarra izan Trumpekin gertatukoa aditu eta susmo txarra hartu diona. Dena ondoegi atera zaio, egiazkoa izateko. Zauri txikiegia izan du, bizitza arriskuan izan duela pentsatzen hasteko ere. Atzean zituenak apenas mugitu dira tiroez babesteko. Segurtasun zerbitzukoak ere ez dira askorik asaldatu. Trump jauna ausartegi azaldu da sinesgarri izateko. Eta, batez ere, argazkia: ez al da onegia erasoak eragindako kaosaren erdian aterea izateko? Baina, gai izango litzateke Trump eta bere ekipoa eraso fake bat antolatzeko, horretarako bizpahiru pertsona hil behar badituzte ere? Behin galdera eginda, berehalakoa da erantzuna. Bai, autoatentatuaren hipotesiak ez du egiantzekotasunik falta. Cui bono galdetuta ere, horixe da azalpenik sinesgarriena. Egiantzekotasuna, ordea, ez da egiaren baliokidea.

Nolanahi ere, egiak eta sinesgarritasunak aspaldi egin zuten behera Wall Street-eko burtsan. Errepublikano zein demokrata ez dira atera ba esaten bortxakeria politikoa bateraezina dela AEBetan? Gezurretan ari dira eta badakite, eskoletan txikitatik ikasten dutelako: 1865ean Abraham Lincolnekin hasi eta 1963an John F. Kennedyrekin bukatu, lau presidente dauzkate atentatuan hilak. Hil gabe zaurituak hiru, Trumpena kontatuta. Hori bai, eskoletan armaz hildako haur eta gazteen aldean edo kaleetan tirokatutako afro-amerikar eta latinoen aldean gutxitxo dira. Zer esanik ez bertako herrien garbiketa etnikoaren ondoan jartzen baditugu. Ez dago AEBetako mugetatik kanpo egin dutenari begiratzen hasi beharrik haien historia politikoa bortxakeriari lotua dagoela egiaztatzeko.

Begien bistakoa dena ukatzeko ere gaitasun handia erakusten ari dira azkenaldian, gainera. Orain gutxi arte Bidenen ezgaitasun kognitiboa (dementzia motaren bat) ukatzen aritu dira demokratak. Eta inoiz baino gutxiago onartuko dute orain errepublikanoek Trumpen ezgaitasun morala (psikosoziopatia). Horrenbeste gezur haizatu, hainbeste egia ezkutatu, ataka gaiztoan dira estatubatuarrak. Egiarik ezean, gordeko ahal dute egiantza sortzen duten fikzioan sikiera!