Adur LIZASOAIN
KOLABORAZIOA

Zirkua

Ezagutzen nauen edonork daki gutxi egongo direla Euskal Herri osoan ni bezain pilotazale eta sanferminzale amorratuak. Aita ere hala nuen, eta bere erruagatik bihotzean daramatzat gure kulturako bi elementu hauek betidanik eta betiko.

Bi hauen arteko ezkontza, gainera, zerbait zoragarria da jada aspalditik: harmailak lepo beteta egunero, edonork jokatzen duela ere, jendea abesten irribarretsu, maila goreneko partidak astean zehar, etab. Izaera, adin eta ideologia ezberdinetako jendea batzen duen leku bat izan ohi da Labrit egunotan; eta animaliarik erail gabe. Zaindu beharreko ondarea, teorian.

Azkenaldian, baina, giroa ez da saldu nahiko genukeena bezain polita izaten ari. Hooliganizatzen ari zaizkigu harmailak larunbatetako emanaldietan, non jada denetik balio duen antza: zure gogoko pilotariaren aurkaria iraindu, txistu egin jotzera doanean kontzentrazioa gal dezan, edo izotzak bota kantxara. Nazkagarria ari da bihurtzen. Eta, noski, jaietan ez zen gutxiago izango. Ez dira, gainera, gaztetxoak jokaera hau duten hainbat eta hainbat. Sadarren hobeto leudeke.

Kirol honetan kode bat dago: errespetua plazara txuriz jantzita irteten den ororenganako. Une eder bat da, pilotaren soinua ongi entzuteaz gain, beti telebistaz ikusi ohi ditugun profesional hauen trebezia bertatik bertara frogatu ahal izatea. Sarrera bat erostea propio horretarako. Gorria edo urdina anima dezakezu, dirua jokatu, abestu, alkohola edan, arnasa hartu komunean −jaiak dira−, ETBko kamerari agurtuz barregarri geratu, ondokoarekin hizketan aritu eta beste hainbat gauza pilotarien lana oztopatu gabe. Lanean ari dira, joder, ez dezagun ahaztu hau.

Badakigu Labrit diru iturri potolo bat dela, eta niri ere poza ematen dit harmailak beteta ikusteak −ez dira beti hala egon−, edo bereziki pilotazaletzat ez nuen ezagun bati bertara gustura joaten dela entzuteak, baina denak ez du balio. Publiko fidela osatzen zuten pertsona askok joateari utzi diote giroa asko gaiztotu delako, eta hauek dira zaindu behar direnak, ez modagatik eta alkohol merkea saltzen dutelako Super Marioz mozorrotuta joan dena arratsalde pasa. Gainera, Nafarroa erdialdean ospatzen diren jaialdi ia denak bertan direnez, pertsona hauek ez dute orain nora joan pilota profesionala zuzenean ikustera. Pena ematen didate.

Enpresek konponbidea jarri behar diote berehala arazo honi gehiagora joan ez dadin, eta horretarako beharrezkoa dela uste dut pilotariak beraiek izatea lehenak ahotsa altxatzen.

Lerro xume hauetatik, nire elkartasun osoa helarazi nahi diot Jokin Altunari.