Imanol CARRILLO
TOURRA 2024

«Ihesaldiko erlojupekoan» garaile atera da Victor Campenaerts

Erlojuaren kontrako espezialista flandriarra esprintean Kwiatkowski eta Vercher baino azkarragoa izan zen, hirukote horrek 36 gizonez osatutako ihesaldia atzean utzi ostean. Oier Lazkano, bosgarrena, eta Alex Aranburu, 14.a, aurrean izan ziren.

Victor Campenaerts, hunkituta, bere emazte eta umearekin hitz egitean.
Victor Campenaerts, hunkituta, bere emazte eta umearekin hitz egitean. (Dario BELINGHERI | AFP PHOTO)

Victor Campenaerts (Lotto) ohituta dago taldekideentzat lan egiten. 32 urteko flandriarrak garaipen gutxi ditu bere palmaresean, baina lorturikoak meritu handikoak izan dira. 2021ean Giroko etapa bat irabazi zuen eta 2019an, Aguascalientesen, munduko orduko errekorra hautsi zuen.

Atzo, berriki aita izan den Campenaertsek bere lehen garaipena erdietsi zuen Tourrean, 3. mailako bost mendate zituen etapa polit batean eta lan bikaina egin ostean. Michal Kwiatkowski (Ineos) beteranoaren eta Matteo Vercher (TotalEnergies) gaztearen artean erabaki zen garaipena, hirukoteak 36 txirrindulariz osaturiko ihesaldia atzean utzi eta gero.

Erlojupekoetan erabiltzen den aerodinamika kontuan izanda, flandriarrak oso errelebo onak eman zituen eta bere ihesaldiko lagunek eskertu zuten, atzetik zetozen beste taldetxoek -lehenengoan Oier Lazkano zegoen eta bigarrenean Alex Aranburu- ezin izan baitzituzten aurrekoak harrapatu.

Atzerago, faboritoak zeuden tropelak lasaitasun handiarekin hartu zuen etapa -M&M’sak jaten eta guzti aritu ziren- eta 13:40ra helmugaratu ziren. Aurtengo edizioan hori gertatzen den azken aldia izango da, gaur Tadej Pogacar liderrari (UAE) maillot horia kentzen saiatzeko azken aukerak hasiko baitira, igandean Nizako erlopejukora iritsi aurretik.

IHESALDIKO IHESALDIA

Hirugarren mailako bost mendatez osaturiko etapa, Gapen hasi eta Barcelonnettan amaiturikoa, ihesaldirako aproposa zen. Bertan 36 txirrindulari sartu ziren, horien artean, beste behin, Movistar taldeko Oier Lazkano eta Alex Aranburu euskaldunak zeudela. Ondoan txirrindulari garrantzitsuak zeuden: Michal Kwiatkowski, Wout Van Aert, Ben Healy eta Geraint Thomas, besteak beste.

Lazkanoren helburuetako bat zen mendateetan ahalik eta puntu gehien lortzea mendiko sailkapen nagusira begira. Hala, lehenengo bi puntuagarrietan -Col de Festre eta Cote de Corps- 4 puntu lortu zituen.

Bitartean, ihesaldia abantaila handitzen zihoan: 7 minututik 10:40ra pasatu zen.

Ihesaldi handiaren barruan berau apurtzeko saiakera ugari egon ziren. Baina Ben Healyk, Sean Queen-ek, Johannessen-ek eta Alex Aranburuk ez zuten indar nahikoa izan.

Kwiatkowski eskarmentu handiko txirrindulariak burutu zuen saiakera ona. Puntuagarria zen azken mendatearen gailurrera iritsi baino lehen, helmugarako 40 kilometro falta zirenean, beste martxa bat jarri eta aurrera egin zuen, bakarka. Segituan batu zitzaizkion Campenaerts eta Vercher. Atzetik, 16 segundora, bost gizoneko taldea osatu zen, tartean Lazkano zegoela (Hindley, Lemmen, Neilands eta Skujins). Baina ezin izan zuten abantaila hori murriztu. Aranburu, bitartean, pixka bat atzerago zetorren beste taldean.

Aurreko eta atzeko taldetxoek alde nabarmena izan zuten. Aurreko hirukoteak oso errelebo onak eman zituen, erlojupeko espezialista den Campenaertsek bultzatuta, eta atzean ez ziren ondo konpondu. Honek tartea handitu eta mantentzea ekarri zuen.

Flandriarrari indarra geratzen zitzaion oraindik azken esprint erabakigarria jotzeko. Vercher izan zen saiatzen lehena, baina beteranoek itzalari jarraitu zioten. Orduan, Campenaerts-ek bizikletan altxatuta helmugaraino geratu gabe jarraitu zuen. Bertan, garaipenaz gain, beste sari potolo bat zuen zain: bere emaztearen eta umearen zoriontasuna telefono pantailaz bestaldean.