Jon GARMENDIA
Idazlea

«Forever young»

Udan heldu aroan sartzen den gazteari, hemezortzi urte beteko dituenari, zerbait idazteko eskatu didate. Bertso bat, poema bat, idatzi labur bat, tira, nik idatzitako edozer gauzak poz egingo diola. Autoestimu poxi bat nigan, hor hasi naiz orri zuriaren aitzinean: lurra, haizea, euskara, herria, familia, lana, militantzia... nola utzi bazter ene fetitxe bilakatu diren hitzak! Baina lerro batzuk idatzi bezain laster hain arrunta iruditu zait, Bob Dylanen “Forever young” abestia hautatu dudala azkenean, eta hemendik oparitzea erabaki dut, izanen delako heldutasun horretan murgilduko den besterik beharbada; Dylanen esentzia ezin liteke hobetu.

Hortxe, ene modura itzulia: «Jainkoak bedeinka eta gorde zaitzala, zure desira guztiak egia bihur daitezela, egin ezazu beti besteen alde, eta utzi besteei zure alde egiten. Eraiki izarretaraino eskailera, eta pauso bakoitza igo, izan zaitez beti gazte, beti gazte, izan zaitez beti gazte. Haz zaitez zuzena izaten, zintzoa izan, jakin dezazula egia beti, eta begiratu zure inguruko argiei. Izan zaitez ausarta, tente eutsi eta izan indartsua. Lanpetuta egon daitezela zure eskuak, arinak bitez zure oinak, oinarri sendoa izan dezazun aldaketaren haizeak mugitzen direnean. Zoriontsua izan dadila zure bihotza, abestu dadila zure abestia, izan zaitez beti gazte, beti gazte, beti gazte, izan zaitez beti gazte».