Zuriñe IGLESIAS SARASOLA
Elkarrizketa
LEIRE IBAR
Zumaiako arraunlaria

«Iazko arantza atera nahi dugu; gogoa dugu errematatzeko»

Joan den larunbateko Kantabriako estropadan ETE Ligako lidergoa galdu zuen “Telmo Deun” ontziak, hasieratik sailkapenaren buruan izan ondoren. Ligako lehen erdia osatuta, Ibar Zumaiako arraunlariak esan du «zerbait xelebrea» gertatu behar litzatekeela Astillerok edo beraiek Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak ez jokatzeko.

(Iñaki SUAREZ)

 

Zumaia talde historikoa da tostako arraunean. Kontxako Bandera irabazi zuen 2013an, bai eta bi Euskotren Liga ere. Baina 2015eko denboraldia bukatu eta hiru urtez lehorrean egon zen. 2019an uretaratu zen berriro ere trainerua, eta geroztik, harrobia helduleku, paladaz palada, pauso txikiak baina sendoak emanez, gorenera itzuli nahi du. Iaz bigarren egin zuten ETE ligan, baita kanporaketetan ere. Aurten norabide egokia hartu dute, urrezko mailara igotzeko. Deskalabrurik ezean, oso bideratuta dute sailkapena, joan den larunbatean ligako lidergoa galdu arren. Leire Ibar (Azpeitia, 2003) Zumaiako arraunlaria gogotsu dago irailerako, orduan jokatuko baitituzte sasoiko estropadarik garrantzitsuenak: Kontxako Bandera eta Euskotren Ligara igotzeko kanporaketak.

Lehenengo aldiz ligako lidergoa galdu zenuten. Bada berritasun bat.

Denboraldia oso ondo hasi dugu. Orain arte, liga erdira arte, lehenengo zazpi estropada horietan, ligako lidergoa mantendu dugu. Aurreko astean Astillero gure aurretik jarri zen puntu batera. Hala ere, denboraldiaren balorazio positiboa egiten ari gara. Horrek gogo gehiago eta amorru gehiago ematen digu, aste honetan berriz ere lehenengo postuan ipintzeko.

Joan den larunbatean erlojuaren kontra aritu zineten Kantabrian. Nola joan zen?

Orain arteko posturik edo emaitzarik txarrena lortu genuen, laugarren egin genuen. Orain arte lehen eta bigarren postuan ibili gara gehienbat. Egia esan ez zen ezer berezirik gertatu postu hori lortzeko, batzuetan egun hobeagoak dituzu eta beste batzuetan okerragoak. Larunbateko estropadan ez genuen asmatu. Hala ere, entrenatzaileak esan zigun orain bat-batean ez garela txarrak bihurtu eta estropada batek ez duela definitzen gu garena, orain arte egin dugun eta egingo dugun lan horrek guztiak baizik.

Astillerok irabazi zuen estropada, eta tartean zuen aurretik, San Juan eta Zarautz sartu ziren. Ezin despistatu gainerako traineruekin.

Ez, hori beti esaten dugu. Gehienbat errioko estropadetan. Nahiago izaten dugu estropadak itsasokoak izatea. Guk beti esaten dugu itsasoko talde bat garela. Errekan ikusten da traineru bat baino gehiago ibiltzen direla; bai Zarautz, orain oso ondo dabilena, baita Kaiku ere, eta orain ikusi dugu San Juan ere estropada onak egiteko gai dela. Hemen ez dago inondik inora ere posturik ziurtatuta, eta estropada guztietan joan behar da hustera eta dena ematera.

Beharbada aurtengo berritasuna Kaiku laugarren postuan dagoela da?

Ba, ez dakit. Aurreko urtean egia da oso ondo ibili zela, liga irabazi zuen. Baina Zarautz ere hor ibili zen bukaeran, aurten dabilen bezala. Gu ere bai. Eta aurten ikusten da Astillerok pauso handi bat eman duela. Denboraldiaurrean, adibidez, ez genituen indarrak haien kontra neurtu, ez genekien oso ondo haien ondoan nola ibiliko ginen, eta aurten demostratu dute oso indartsu daudela. Traineru bat baino gehiago gaude maila ematen, eta ikusten da ibiltzen garela.

11 puntura duzue Zarautz. Jakinda Euskotren Ligako kanporaketak jokatzeko txartelak lehen bi sailkatuentzat direla, ontzi gehiago ikusten dituzu lehian?

Uste dut Astillero eta gu izango garela, hori espero dut. Puntuen aldetik gauzak aldatzeko beste salto bat dago Zarautzekiko. Astillerok edo guk kanporaketak ez jokatzeko zerbait oso gaizki egin behar genuke edo zerbait oso xelebrea gertatu behar litzateke. Hala ere, lehen bi postuetan izango dugu borroka.

Kanporaketetarako sailkatzeaz gain, liga irabazten baduzue, are hobeto.

Bai, hori bai. Iaz Kaikuk eraman zuen liga, gu bigarren geratu ginen, eta aurten arantza hori atera nahi dugu. Ligan bigarren, kanporaketetan bigarren, ez genuen lortu igotzea... Aurten gogoa dugu horiek errematatzeko.

Ligaren bigarren erdia hasi duzuela, nahi duzuen tokian zaudete?

Bai, uste dut puntu on batean gaudela. Aurreko asteburuko estropada izan zen pixka bat okerragoa. Baina, hala ere, taldea oso indartsu dago, bai mentalki, bai moralki. Fisikoki prestatuta egoteaz gain, gure taldearen ezaugarri onenetako bat da taldea oso elkartuta dagoela, elkarri laguntzen diogula eta lagun talde bat garela. Entrenatzailea ere denbora osoan guri animoak ematen ari da, burua altxatzeko esaten, estropadak irabazteko gai garela gogorarazten.

Garaipenek ere erraztuko dute bidea.

Bai, bueno gehiago... oso gustura gaude egiten ari garenarekin, baina, lehen esan dudan moduan, ea liga bukatzen dugun puntu on batean. Abuztu bukaera eta iraila hasiera horretara puntu onean ailegatu gaitezke, eta hala izatea espero dut. Ea sorpresa ematen dugun.

Iraila gertu edo urruti ikusten duzu?

Nik gogoa dut irailerako [barrez]. Denboraldia bukatzeko oraindik hilabete pasatxo falta zaigu, baina denboraldia bukatu ondoren datoz data garrantzitsuenak edo esanguratsuenak. Alde batetik, kanporaketak, buruan ditugula, horretan gaudela, eta beste alde batetik, berriz, Kontxa. Beti da data bat arraunlari denontzat oso garrantzitsua dena, baina beste alde batetik guretzat oso baliagarria da sailkapen estropada hori, ikusteko bai Euskotren Ligako ontziekin, bai Galiziako ligakoekin zein puntutan gauden, zein mailatan.

Gehiago eman dezake “Telmo Deun" ontziak?

Oso ondo hasi dugu denboraldia. Liga erdira arte, aurreneko zazpi estropadetan lidergoari eutsi diogu. Pasatu den astean Astillero gure aurretik jarri zen, baina puntu bakar batera. Denboraldiaren balorazio positiboa egiten ari garenez, gogo gehiagoz eta amorru gehiagoz dihardugu, aste honetan berriro lehenbiziko tokian kokatzeko.

Harrobia akuilu, gora eta gora egiten ari zarete.

Bai, hala da. Gure taldea etxeko talde bat da, hemezortzi gara taldean, eta uste dut erdiak baino gehiagok 20 urte baino gutxiago dituztela. Horrek ezaugarritzen gaitu, eta horregatik ari gara urtez urte pauso horiek ematen. Jende gaztea gara, eta horren alde positiboa da hobetzeko marjina badagoela; indar aldetik, teknika aldetik eta etorkizunera begira ere bai, trainerua mantentzeko orduan.

Aurrera begira, eta epe motzera, zer egin behar duzuela uste duzu?

Lanean gogor segitu. Entrenatzaileak ere garbi esaten digu: ezin dugu erlaxatu. Gogotsu gaude, eta orain arte egin dugu lanari jarraipena eman nahi diogu. Gure lana ahalik ondoen egitera joango gara. Gero besteak hobeak baldin badira, irabaziko digute, baina guk behitzat ez ditugu gauzak erraz jarriko.

Igande honetan Erandion jokatuko duzue estropada. Nola ikusten duzu arraun eremua?

Azkenekoaren antzera. Estropada gogorrak izaten ari dira, oso fisikoak. Errekakoak horrela ezaugarritzen dira, ez daude itsasoan topa ditzakezun faktoreak. Orduan, buruak lan asko egiten du, burua hotz mantendu behar da. Orain ez gara azkenak aterako, Astillero aterako da azkena; horrenbestez, ez ditugu nahi genituzkeen erreferentziak edukiko, baina gu gure lana egitera joango gara, kontzentratuta. Seguru, amorruarekin aterako garela.