Gaizka IZAGIRRE
PATRICK MELROSE

Mendekotasunari buruzko erretratu gordina

Telesaila 2018koa den arren, SkyShowtime plataformara igo berri dute “Patrick Melrose”; Edward St Aubyn idazlearen bost liburutan oinarrituriko kontakizun honek barrenak nahasi dizkit. Benedict Cumberbatch aktore bikaina da protagonista, eta bost atal ditu kontakizunak, bakoitza gertakizun konkretu baterako bidaia bihurtzen dena. Barne deabruak gainditu eta haurtzaro zail baten ondorioz drogekin dituen arazoak gainditzen saiatzen ari den aristokrata ingeles bat gorpuzten du. Alde batetik, diru gehiegi izateak sor dezakeen bakardade jasanezinari buruzko kontakizun gordina da. Drogak ihesbide gisa erabiliz, mundu honetan bere tokia aurkitzen ez duen pertsona baten egunerokoa aztertzen du. Haurtzaro traumatiko batek etorkizunean utz ditzakeen oinazeei buruzko ikerketa beldurgarria dela ere gehituko nuke. Hari nagusiaren egituraketak urte eta kokaleku desberdinetara eramaten gaitu; protagonistak bizitza osoan jasan duen guztia ezagutzeko eta, batez ere, egungo Melrose nolakoa den ulertzeko baliagarria da. Bereziki 1980ko hamarkadako New York hirian eta 2000ko hamarkadako Bretainia Handian bizi izandakoa erakusten digun arren, bigarren atalean azaltzen den 1960ko hamarkadako Estatu frantseseko herrixkan girotzen den atala nabarmenduko nuke, maisulana iruditzen baitzait. Zinemak eskaintzen dituen erremintak maisuki zukutzen dira ekoizpen honetan. Atalaren eta protagonistak bizi duen egoeraren arabera, argiztapen natural eta artifizialen artean sortu duten jokoa paregabea iruditzen zait. Muntaketa lana itzela da. Garrantzitsuena: ia ezer ez dagoela hitzen bidez azaldua. Amaieran esplikatiboagoa bilakatu arren, telesaila era iradokitzailean azalduta dago; ez dugu zuzenean ezer gordinik ikusten, baina gertatzen ari den guztiaren funtsa bete-betean iristen zaigu.