Musa, pantaila txikian
Primeran plataformara Kanaldudek sortutako “Mintza” saioa igo berri dute. Telebistan ematen den mus emankizuna da. Jokoan zortzi bikote jarri dituzte eta saria proiektu kultural eta solidario bati bideratuko diote. Formatu honi “Poker tour” deituriko partida laburpenak ere gehitu dizkiote, lehiakideen gaineko informazioa eransteko.
Zortzi taldeek herrialde bana ordezkatuko dute: Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta diaspora.
Pantxoa Bergara Xabaltx musikariak gidatzen du saioa. Aurtengo otsailean estreinatu zuten emankizuna, eta baliteke zuetako batzuek jada ikusia izatea, baina, berriki Primeran plataforman jarri dutenez, ikusi ez duzuenontzat gomendio berezia iruditu zait.
Biarrizko Atabal aretoan grabatu den saioak hainbat ikuspuntu desberdinetatik erakusten dizkigu partidak. Errealizazioari eta edizioari dagokionez, aparta iruditzen zait.
Lan dotorea osatu du Iban Rusiñolek. Parte hartzaileen kartak lehen planoan ikusteaz gain, bereziki gustatu zaidana jokalarien arteko keinu eta hizketak gertutik ikusten ditugula da. Musaren munduan ezjakinak garenontzat oso baliagarria iruditu zait “komentaristen gela” delakoa, izandako jokaldiak azaltzen eta komentatzen dituztelako. Oinarriak eta azalpen bereziak ematen dituzte, eta asko eskertu dut.
Proposamen bitxia eta polita, ezta?