EDITORIALA

Bizitza esanguratsua, zahartzaroaren zentzua

Esnatu eta egun berriaz gozatzeko pijama kentzeko beharra sentitu, bizitza esanguratsua bizi, zahartzaroa zentzuz bizitzeko. Zahartzaro asko daude eta bizi-itxaropena luzatzen ari delarik, gero eta gehiago dira pertsona zaharrak. Izan ere, baby boom belaunaldia erretiroaren atea igarotzen hasi den honetan, kopuruaz harago, zahartzaro berriak ate joka datoz. Pertsona hauetako asko unibertsitatera joandakoak dira, diskurtso bat daukate, eta etorkizuneko zahartzaroko formak diseinatzen ari dira. Gazte jendea baino askoz ere gehiago izango dira, gehiengo zabala direnean izango dira zahar. Nola antolatuko dira? Galdera horri eta beste askori erantzun nahian, EHUko udako ikastaroetan saio interesgarria izan da, bizitza-luzera berriaren eta populazio-egitura gero eta helduago baten desafioen inguruan.

Oro har, pertsona adinduen ongizatea, psikiko eta fisikoa, beren talentuak ezagutu eta bideratzen direnean hobetzen da. Are gehiago, heriotzatik gertuko egoera hauskorrenetan ere pertsonok garenagatik aitortuak izatea behar izaten dugu, gure helburuak eta motibazioak ulertzen direla sentitzea. Talentu horien garapena zaintzea, gero eta gehiagotan, ezinbestekoa bezain ahaztua bilakatu da. Bestalde, ongizatea ere lotura eta harreman sozialen araberakoa da. Gure bizitzan ezinbestekoa baitugu kontaktu pertsonala, jendearekin gertutasuna, kidetasuna eta batasuna sentitzea.

Pertsona zaharren harreman sozialak nolakoak dira? Harreman esanguratsuez gozatzea zailtzen duen baldintza al da adina? Zahartzaroan ba al da asmorik? Bizitzaren etapa honetan geure burua berrasmatu al dezakegu, proiektu berrietara gogoz lotuz? Vincent Van Gogh pintoreak galdetzen zuenez, zer izango litzateke bizitza, zerbait berria egiten saiatzeko adorea izango ez bagenu? Baina adina dela-eta egiten diren diskriminazioek bizitzaren zentzuaren garrantzia eta garatzeko aukerak urritzen dituzte. Badelako, zoritxarrez, zahartzaroaren narratiba sozial bat, tokatuko zaigun zahartzaro desberdin, konprometitu eta bitalarekin bat ez datorrena. Gure potentzial eta talentuak, existentziaren zentzuak, funtsezko izaten jarraitzen dutelako bizitzaren ziklo osoan.