Peli LEKUONA
NAIZ IRRATIA
Elkarrizketa
ZELAI AMENABARRO
EH Bilduko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

«Zerga ponentziarekin neurri zehatz eta aurrerakoiak lortu ditugu»

Amaitu dira EH Bilduk legegintzaldi hasieran proposatu zuen zerga ponentziaren lanak. Txostenak aurrera egin du EH Bildu, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkide Zelai Amenabarrok hitz egin du honen inguruan NAIZ Irratian.

(Gorka RUBIO | FOKU)

Zerga ponentziaren lanak abiatzea proposatu zutenean, EH Bilduren helburua Gipuzkoarako «zerga sistema progresibo eta justu bat lortzea» zela azaldu zuen Zelai Amenabarrok NAIZ irratian, zerga ponentziaren txostenak EH Bilduren, EAJren eta PSEren aldeko botoak jaso ostean.

Txosten horrekin norabide hori hartu dutela uste dute, «neurri zehatz eta aurrerakoiak» lortu dituztelako. Bertan jaso dute, esaterako, zerga sistemak bakoitzari nola eragingo dion, eta adierazi duenez, horri lotutako neurriak «argiak» dira: «Errenta altuenek tributu karga handiagoa izan behar dute baxuekin eta ertainekin alderatuta, eta errenta baxuena dutenei jaitsi egin behar zaizkie zergak». Uste dute modu horretan hobeto banatuko dela aberastasuna.

Dozenaka hizlari igaro dira ponentziatik, baina esanguratsuena EH Bilduren proposamenak EAJren eta PSEren botoak batu izana da akaso. Amenabarrok elkarrizketan azpimarratu zuenez, EH Bilduk hasieratik adierazi zuen elkarrizketarako borondatea, eta, bere ustez, jarrera hori izan dute: «Lurraldeko lehen indar gisa, guk erantzukizun handiz heldu genion erronka honi, eta adostasunak lortzen saiatu gara. Azken batean, jakitun garelako erreforma fiskal aurrerakoi batek onura handiak ekarriko dizkiela lurraldeko herritarrei».

TXOSTENAREN BARRUAN IZANDAKO ALDAKETAK

Gipuzkoako batzarkideak gehitu zuenez, negoziazio prozesu guztietan bezala, gai batzuk albo batean utzi behar izan dituzte negoziazio honetan ere, baina uste dute lortu duten adostasunarekin herrialderako «onura handiak» izango direla.

Hala ere, eta horrelako prozesuetan ohikoa denez, ezberdintasunak daude ponentziako lehen txostenaren eta azkenekoaren artean. EH Bilduk aipatu zuen «autokonplazentziazkoa» zela lehen txostena. Hala ere, alderdiaren ustez, adostutako txosten berrian «ahulguneak identifikatu eta neurri zehatz eta aurrerakoiak» ezartzea lortu dute.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, egungo kenkari guztien inpaktuaren eta eraginkortasunaren ebaluazioa egitea lortu dela azaldu zuen Amenabarrok. Bere ustez, hori oinarri bat izango da, gerora dagozkion erabakiak hartu ahal izateko lagungarri izango dena.

Beste proposamenetako bat errenta aitorpena egiteko salbuespena kentzea da, denek egin dezaten. Amenabarrok azpimarratu zuen «oso garrantzitsua» izan dela gai hau EH Bilduko kideentzat: «Horrekin lortu nahi genuen pertsona guztiek dagozkien laguntzak jaso ahal izatea». Izan ere, gaineratu zuenez, gaur egun hainbat laguntza, laguntza fiskalen bidez ematen dira; alokairuarena eta haurra izateagatik ematen dena, esate baterako. Ondorioz, errenta arrunt eta baxuak dituztenek edo errenta aitorpena egiten ez dutenek ez dute aukerarik hauek jasotzeko. «Bistan da egoera hori diskriminatzailea dela eta, gure ustez, aldatu beharrekoa zen», adierazi zuen Gipuzkoako batzarkideak. Beraz, txostenean salbuespen hori kendu dute.

GENEROA ZERGA SISTEMAN

Ezarritako beste helburuetako bat generoa zerga sisteman zeharkakotasunez ezartzea izan da. Puntu horretan, «etengabeko ebaluazioa egitea» proposatu zuten. EH Bilduren ustez, «funtsezkoa» da genero ikuspegia zeharka lantzea eta, ondorioz, zerga sisteman ere presente izatea. Amenabarrok azaldu zuenez, badira zenbait kenkari eta hobari neurriz kanpoko mesedea egiten dietenak errenta handienak dituztenei, eta kasu horretan, emakumeak errenta baxuenak dituztenen artean daude. Horrela, aurrerantzean «emakumeen aldeko neurriak hartzea» proposatu dute eztabaidan zehar, «benetako berdintasuna» lortzeko asmoz, batzarkidearen ustez.

2023aren bukaeran fortuna handien zerga aipagai izan zen Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Amenabarrok aitortu zuen negoziazio prozesuan zehar gai hori «korapilo» bat izan zela beste alderdi eta eragileekin adostasunak lortzeko orduan: «Ponentzian eragileek ehunka proposamen egin dituzte, eta gu adostasuna lortzen saiatu gara, baina kasu horretan ez dugu lortu». EH Bilduren ustez, ponentzian jasotako puntu hori «hobetu» egin beharko litzateke etorkizunean.

Amenabarroren ustez, txosten hau onartzea «abiapuntua» izan da eta garrantzitsua da adostasuna lortuta abiatzea. Hala ere, ondoren hori bete egin behar dela eta bide horretan «zorrotz» jokatuko dutela gaineratu zuen.