GARA
DONOSTIA

Amezketako ezbeharraren ostean, neurriak eskatu ditu EHNEk

Astelehenean Amezketan traktorearekin ari zela istripuan hildako baserritarraren ezbeharraren harira, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasunak mota horretako istripuak «gutxitzen lagunduko luketen» neurriak hartu beharra dagoela azpimarratu du. Horretarako inbertsioa behar denez, nekazarien errentagarritasun falta salatu dute.

Atzo argitaraturako ohar batean EHNEk azaldu zuenez, besteak beste, «lanean aritu behar garenerako makina onak eta egoera onean izatea behar dugu, gurpilen egoeratik hasi eta mantentze orokorrarekin jarraituz». Horrekin, «behar bezala egokituta» dauden animaliak maneiatzeko tokiak, mendian lan egiteko bideak eta harrapalekuak, esate baterako, beharrezkoak direla diote.

«Albistegietan larritasun gorena dutenak ateratzen badira ere, egunerokoan bata bestearen atzetik ditugu ‘sustoan’ geratu direnak», kexatu dira istripuen inguruan.

Batzuetan publikoa baina «gehienetan» baserritarrena izaten den inbertsioa behar dela azaldu dute. «Hor dago, ordea, gakoa, errentagarritasun ezak norbere burua kaltetzeko arriskuan jarrarazten du», salatu dute. Sektoreak bizirauteko, baserriko lana balioetsi behar dela adierazi zuten.