Ane URKIRI ANSOLA
PARIS
PARISKO OLINPIAR JOKOAK

Pau Echanizek oldarkortasunez eta ausardiaz irabazi du brontzezko saria

Piraguista donostiarrak, 23 urte besterik ez dituela, brontzezko domina irabazi du bere estreinako Olinpiar Jokoetan. Langa kasik gaindiezina ezarri du finalean (88.87 segundo), irteera lerroan lehena izan ostean. Giovanni Di Genaro italiarrak eta Titouan Castryck bretoiak bakarrik gainditu dute Echaniz, ehunen gutxi batzuen aldeaz.

Pau Echaniz, Vaires-sur-Marne kanaleko podiumean, brontzezko dominarekin.
Pau Echaniz, Vaires-sur-Marne kanaleko podiumean, brontzezko dominarekin. (Bertrand GUAY | AFP)

«Olinpiar Jokoekin ilusionatuta nago. Ez dut emaitza jakin bat bilatzen, baizik eta lehiatzeko modua. Emaitza izan dadila nire nabigazioaren ondorio bat». Modu honetan agertu zen Pau Echaniz Olinpiar Jokoetan debuta egin aurreko prentsaurrekoan. Ongi ikusten zuen bere burua, hala berresten zuen bere inguruak ere, gainerako kideekin lehiatu eta bere txanda iristear zain zegoela, gogotsu.

Atzo, Vaires-sur-Marne kanalean handia egin zuen gazte donostiarrak, 23 urte bete berritan domina olinpikoa kolkoratuta, bere estreinako Jokoetan. Kanalera egindako jauziarekin erakutsi zituen bere zoriontasuna eta satisfazioa.

Echaniz ausart aritu zen txapelketa osoan, bere esentziari eusten. Eta finalean goia jo zuen, irteera lerroan lehena izan eta langa kasik gaindiezina ezarriz: 88.87 segundo.

Finalerdietan, hogei arerioetako inork lortu ez zuen marka ezarri zuen. Bukaeran, beste bi piraguistek soilik hobetu zuten Echanizen marka: Giovanni di Genaro italiarrak, urrea kolkoratuz, eta Titouan Castryck bretoiak, zilarraren jabe eginez, munduko ranking-ean bigarrena eta zazpigarrena, hurrenez hurren.

«Izugarria da familia eta lagunei sari hau ematea, hor daudelako beti, nirekin disfrutatzen eta sufritzen. Nirea bezain beraiena da garaipen hau», adierazi zuen piraguista donostiarrak.

PRESIOA BESTEEN GAINEAN

Pau Echanizen emaitzaren handitasunaz jabetzeko, munduko hamar onenen artean dauden beste lau piraguista utzi zituen atzean, eta ikusi zen eslalomean, edozein sailkapenek baino, unean uneko aldarteak markatzen duela geroa. Eta lehiatu momentuko presioarekin hazi eta plazagizonaren benetako ezaugarriak dituena da Pau Echaniz, bere aita Xabik kutsaturik. Piraguismoa txikitatik barneratuta baitu.

Badaude gero eta presio gehiagorekin hazi egiten direnak, puntu-puntuan jartzen direnak, eta atzo Echanizek zerbait erakutsi bazuen, txapeldunek duten jarrera horixe bera da. Finalerdietan gehiago kostatu zitzaion, bai kostatu ere, azken postuan sailkatu baitzen finalera. Ozta-ozta lortu zuen txartel preziatu hori, Olinpiar Joko batzuetan debuta egiten duen batentzat sari handia dena. «Jada irabazi izan banu bezala jaitsi naiz, eta horrek are gehiago disfrutatzea ahalbidetu dit», esan zuen, brontzezko dominarekin ezin zoriontsuago.

Zaila da irteera lerroan lehena izan eta txapelketaren benetako erreferentzia hartzea, arerioen aldartea non egon daitekeen neurtzea. Kontrara, ongi eginez gero, presio guztia arerioen bizkar gainera igarotzen da.

Begirada serio eta kontzentratuarekin, jaitsiera handi bat imajinatuta... arin baino arinago hasi zen, nagibazioan garbi, ur korronte katramilatsuak askatzen, paladaz palada, atez ate. 19. atea ukituta, bi segundoko zigorrarekin bukatu zuen jaitsiera.

EHUNEN OSO GUTXI

Sentsazioa zen arerioak ere kontziente zirela dominen borroka denbora horren bueltan egongo zela eta, beraz, arriskatzea besterik ez zegokiela. Irteera lerroan seigarrena zen Di Genarok gainditu zuen, 40 ehuneneko aldeaz, eta orduan italiarrak garaile ikusi zuen bere burua. Horrek erakutsi zuen Echanizen balentriaren traza zein mailatakoa zen, ozta-ozta gainditu baitzuen munduko bigarren onenak.

Bidean, Dougoud, Prskavec, eta Oschmautz piraguista iaioak domina gabe geratu ziren. Titouan Castryck bretoiak lortu zuen Di Genaro eta Echanizen tartean jartzea. Nolabaiteko haserre aurpegia jarri zitzaion Echanizi, finalerdietan abilenak izan ziren biak geratzen baitziren lehiatzeko.

Ez Heggek ez Clarkek ez zuten gainditu, eta azkenean, denbora luzez arerioen jaitsierak ikusten egotearen sufrimendua askatuta, Echanizek murgil eder batekin ospatu zuen brontzea.