Tania ARRIAGA AZKARATE
UPV/EHUko ikertzaile, irakasle eta Empar Pineda batzordeko kidea
KOLABORAZIOA

Aniztasun sexugenerikoa UPV/EHUn

Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), LGBTIok egon bagaude eta LGTBfobiaren kontra ari gara eskubide osoz, besteak beste, gurea unibertsitatea publikoa eta laikoa delako. Ez dugu arrosa kolorearekin ezertxo ere garbitu nahi, kontrakoa, kolektiboko lagunen ongizatea bermatu nahi dugu, eta horretarako lana, ikusgarritasuna eta gure hezkuntza erakundearen laguntza behar-beharrezkoak ditugu. 90ko hamarkadan Iruñetik Euskal Herriko Unibertsitatera ikastera etorri nintzen. Orduan oso zaila zen marika edo bollorik gure korridoreetan ikustea; trans lagunak, ezinezkoa. Gogoan dut luma erakusten zuen izpiritu libre eta indartsuren batek bere burua azaltzen zuela, ezin ditut ahaztu, ordea, orduan entzuten ziren zurrumurru LGTBIfoboak; oraindik orain, sumatzen direnak aurreiritzitan, mesfidantzetan eta errespetu faltetan. Halere, gaur egun, sexu genero sistemaren disidente gehiago plazan gaudela argi dago. Erakundeari dagokio aniztasun adierazpen hau, beste batzuekin batera, babestea, izan ere, gu guztion osasuna eta eskubideak jokoan baitaude. Kontua da, UPV/EHU ikasle, irakasle eta Teknikari eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZP) osatzen dugula, modu batean hala bestean. Pentsa, errektorea, dekanoak eta gisa honetako karguetan dauden lagunak irakasleak dira.

Egia da lan giro hierarkiko-zisheterosexual-patriarkal-hegemoniko itogarriak ez duela aukera handirik ematen queer bizipenentzat, baina zalantzarik ez dut LGTBI adierazpen eta erresistentzia UPV/EHU bera sortu zenetik gure artean izan dugula. Esate baterako, 2014an, ikasle talde batek UPV/EHUko LGTB Liga sortu zuen, gerora Ozen LGTBra deitu zutena. Nik dakidala, tamalez, orain ez dute talderik unibertsitatean. Dena dela, UPV/EHUko LGTB ligak eskatuta, 2018an Berdintasun zuzendaritzak komun mistoen ekimena aurrera eraman zuen. Urte berean, gure fakultatean, Bitartez ikerketa taldearen eskutik, I. LGTB+ eta Komunikazio Jardunaldia: mugimenduaren izana eta oraina Euskadin egin zen. Gasteizko campusean Empar Pineda batzordeko bi kidek Arte eta Queer kulturaren jardunaldiak zazpi urtez antolatu dituzte. Horren haritik, duela bost bat urte, Berdintasun zuzendaritzak hiru campusetako irakasle eta AZPren eskaeren enbidoa onartu eta batzorde batean bildu gintuen. Ordutik, Empar Pineda batzordea osatzen dugun lau lagunok, UPV/EHUko Berdintasun zuzendaritzako bi teknikari eta zuzendariarekin batera ondoren aipatuko ditudan egitasmotan lanean aritu gara.

Aniztasun Sexuala ikastaroa kudeatzen dugu. Duela bost urte, martxan jarri zenetik, 500 lagun baino gehiagok parte hartu du. Sei moduluz osatuta dago eta Miquel Missek, soziologo eta material didaktiko honen koordinatzaileak, sarreran azaltzen duen moduan, «sexu eta genero aniztasunaren inguruko eztabaidara lehenbizikoz hurbiltzen direnentzat idatzita dago». Modulutan, Alba Pons Rabasa, R. Lucas Platero Mendez, Noemi Parra Abaunza eta Gerard Coll Planas, identitatea, LGTBI politikak, LGTBI haurtzaroa eta baita intersekzionalitateari buruz aritzen dira. Ikastaroa online eskaintzen zaie ikasle, irakasle zein AZP langileei. Empar Pineda batzordeko kideok ikastaroa kudeatu eta lanak zuzentzen ditugu.

Aurten, lehendabiziko aldiz, Grupo 9 Universidades-aren (G9 espainiar Estatuko bederatzi unibertsitate publikoz osatutako taldea da, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta UPV/EHU barnean egonik) formakuntza planetan ere ikastaroa eskaini da eta Estatu guztiko ikasleek parte hartu dute.

Empar Pineda sariak LGTBI ikuspegia gradu eta master amaierako lanetan hartzen dutenen arteko lehiaketa da. Ikasleek lan oso interesgarri eta berriak burutzen dituzte, eta ederra izanen litzateke argitaraturik ikustea.

UniDibertsitatea film laburren lehiaketari duela lau urte hasiera eman genion. Kasu honetan, UPV/EHUko ikasleek LGTBI edukia sortzeko eta ikusgarritasuna bultzatzeko eragingarria da.

UniDibertsitatea egunean sariak banatzen dira, film laburrak ikusi eta ikuskizunak ere proposatzen dizkigu Berdintasun zuzendaritzak. Aurten, Irantzu Varela izan dugu, euskaraz, bakarrizketa zoragarri batekin, eta joan den urtean Ainhoa Juaniz clown nafarrak alaitu eta astindu gintuen.

Donostiako campusetik, Julen Zabala liburuzain nekaezina (Empar Pineda batzordeko kidea ere), besteak beste, Estatuan antolatu diren kongresu ezberdinetara joan da UPV/EHUtik, LGTBI eskubideak babesteko burutzen ari garen lana azaltzeko.

Berdintasun Zuzendaritzak Trans protokoloa martxan jarri zuen 2021ean. Honek bidea ematen du pertsona transek eta ez-bitarrek UPV/EHUn eginen dituzten izapideetan izena aldatzeko eta klasetan haien izenaz deituak izateko.

Berdintasun Zuzendaritzan ere hasiak dira eraso LGTBIfobikoen salaketak jasotzen eta hauei irtenbidea ematen saiatzen.

Gure eskolez eta ikerketez gain egiten dugun lana da hau, eta ez dugu etsiko.