Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Surfa Olinpiar Jokoetan, Tahitin: oro har, nahiko balantze ezkorra

Euskal herritarrak euskal selekzioari bidea ixten dioten Frantzia eta Espainiako selekzioekin lehiatu dira. Txapelketaren jarraipena egiteko zailtasunak. Orain artean olatu onak, baina finalak egiteko itsaski egokia izango den ez dago argi.

Ezkerreko orrialdean goian eta behean, Nadia Erostarbe. Eskuineko orrialdean, goian, Andy Criere lehiakidea eta Aritz Aranburu, Espainiako Selekzioko entrenatzailea. Azpian, Janire Gonzalez Etxabarri.
Ezkerreko orrialdean goian eta behean, Nadia Erostarbe. Eskuineko orrialdean, goian, Andy Criere lehiakidea eta Aritz Aranburu, Espainiako Selekzioko entrenatzailea. Azpian, Janire Gonzalez Etxabarri. (ISASURF.ORG)

Lerro hauek idazteko orduan oraindik ez da amaitu Tahitin egiten ari diren Olinpiar Jokoetako txapelketa. Lehen egunetan olatu ederrak izan ziren, baina gero haizea aldatu zen eta ordutik txapelketa amaitzeko baldintza hobeagoen zain dira. Arazoa da itxarote epea gehienez abuztuaren 8ra luza daitekeela eta iragarpenak ez direla oso argiak. Teahupook olatu bikainak eskain ditzake, baina baldintza zehatzak behar ditu eta itsaskia bi metro baino txikiagokoa bada, ez du funtzionatzen. Antolatzaileek ongi aukeratu beharko dute finalak zein egunetan egin.

Bestalde, zaleek txapelketa ikusteko aukera bakarra telebista bidez egitea da. Ez dago txandak nahi dugunean eta nahi dugun formatuan ikusteko aukerarik; beraz, jarraipena egitea zaila da. Gainera, Olinpiar Jokoen webgunean ere ez da erraza informazioa eskuratzea. WSLko zirkuituak eskaini ohi duen formatua faltan sumatu dugu zaleok.

Esan bezala, olatuak onak izan dira orain arte, baina maila orokorra ohiko CT txapelketa batekoa baino apalagoa izan dela baiezta daiteke; izan ere, kontuan hartu behar da lehen mailako lehiakide gehienak australiarrak, brasildarrak edo estatubatuarrak direla, eta Olinpiar Jokoetan selekzio bakoitzak gehienez bi ordezkari izan ditzakeenez puntako surflari asko kanpoan geratu dira. Horri gehitu behar zaio kolonizatuak izan diren herrialdeetako surflariek ezin izan dutela beren aberria ordezkatu. Horrek inbutua are gehiago estutzen du; adibidez, Hawaiiko surflariak AEBetako selekzioan dira eta Tahititikoak, frantsesean.

Halaber, Teahupoon parte hartu duten euskal herritarrak ere badira, selekzio espainolarekin edo frantsesarekin lehiatu direnak. Selekzio espainolak hiru ordezkari zituen eta hirurak euskal herritarrak ziren: Andy Criere hendaiarra, Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra eta Nadia Erostarbe zarauztarra.

Bestalde, Baionako ospitalean jaio zelako euskal komunikabideetan euskaldun gisa aurkezten duten Joan Duru surflaria Frantziako selekzioan zen; finean, berak bere burua aurkezten duen moduan, frantsesa baita.

Hain zuzen ere, horixe da balantzea egiten datu txarrena, Euskal Selekzioak parte hartzeko eskubiderik gabe jarraitzen duela.

Kontuan hartu behar da ere txapelketa Tahitin egiteak duen zentzu politikoa. Ikusi besterik ez dago Frantziako selekzioa nola osatu zuten. Behatzez hautatu zituzten lau ordezkariak eta horietatik hiru Teahupoo bertakoak dira. Hango olatua inork baino hobeto ezagutzen dute eta urrezko domina irabazteko aukera dute Kauli Vaast eta Joane Defayk. Aitzitik, horrela bada, garaipena Frantziako Selekzioak eramango du Parisera.

JOKO POLITIKOAK

Polinesia frantseseko egungo presidente Moetai Brothersonek hasieratik salatu zuen Olinpiar Jokoak beren lurraldean egiteko bertakoen iritzia ez zela kontuan hartu. Lehendakaria independentziazalea denez, bere kexek oinarri politikoa zutela egotzi zioten politikari frantsesek.

Surf txapelketa Olinpiar Jokon hiriburutik 15.700 kilometrora egiteak Frantziaren izaera inperialista erakusten du, baina batez ere koloniak erabiltzeko moduak eta bertako biztanleekiko erakusten duen errespetu faltak agerian uzten dute txapelketa Tahitin egiteak duen kutsu politikoa.

Beste adibide bat. Surf olinpikorako sailkatze txapelketetan parte hartzeko eskubidea ukatu zieten errusiarrei, Ukrainari eraso ziotenean. Israeldarrek, ordea, ez dute betorik eta Tahitin lehiatzen ikusi ahal izan ditugu.