GARA
BILBO

Guggenheim Urdaibai gelditzea eskatu dute gazte ekologistek

Urdaibaiko Biosfera Erreserban Guggenheim museo berria eraikitzearen «zentzugabekeria» irudikatzeko ekintza egin zuten, igandean, Fridays For Future taldeak. Bilboko museoaren aurrean egin zuten protesta, proiektuaren sustatzaileen gardentasun falta eta informazio ezkutaketa salatuz.

«Guggenheim Urdaibai proiektuak Euskadiko naturagune ahulenetako eta babestuenetako baten turistifikazioa ekarriko luke, eta irregulartasun administratibo ugariz beteta dago; herritarren erreklamazioei ez zaie jaramonik egin», salatu zuten egindako ekintzan.

Alde batetik, egitasmo horrek ekosistemako fauna eta flora «mehatxatzen» dituela azaldu zuten. Bestetik, turistifikazio ereduak «etxebizitzaren prezioa igotzea eta eskualdean lana prekarizatzea ekarriko luke», gehitu zuten.

IRREGULARTASUNAK

Proiektuaren irregulartasun administratiboen inguruan ere kezkatuta daudela esan zuten gazte ekologistek. «Urdaibai hezeguneen Ramsar hitzarmenak babesten du, Europako Natura 2000 Sareak, eta Hegaztien Babes Bereziko Eremu gisa kalifikatutako guneak ditu», gogorarazi zuten elkartutakoek.

Protesta ekintza joan den igandean egin zuten; izan ere, abuztuaren 1etik Basoa Defendatzaileen Etxean, Artean, bilduta egon dira ekintzaileak Gazteak Klimaren Alde mugimenduaren topaketetan. Eskualde ezberdinetako 60 pertsonak hartu dute parte topaketetan, eta erakundearen aktibismoaren eta etorkizunaren inguruko bizipenak eztabaidatu eta partekatu zituzten.