EDITORIALA

Izu-ikararen jauregian torturatutakoen oroimena

La DGS, el palacio del terror franquista” du izenburu Pablo Alcantara doktoreak Madrilgo Segurtasun Zuzendaritza Nagusiaren gainean idatzi duen liburuak. Eraikin haren historia eta haren hormen artean urte askoan gertatu ziren izugarrikeriak kontatzen ditu, pertsona askok, tartean euskaldun ugarik, han bertan jasan zituztenak. Orrialdeotan irakurgai dago historialari asturiar horrekin izandako solasa.

Liburuan azpimarratzen duenez, faltsua da gerraostea igarota frankismo «bigun» bat izan zelako ideia, jazarpena, tortura eta fusilatzeak etengabeak izan baitziren, eta DGSa, hain zuzen, horren erakusgarri izan zen. Frankismo berantiarrean gizarte mobilizazioak ugarituz joan ziren eta langileak, intelektualak, apaizak, abortuaren aldeko emakumeak, homosexualak... eraikin hartako ohiko bisitariak ziren, tartean euskaldun asko, batez ere ETAkoak. Are gehiago, izu-ikara frankista ondorengo monarkia konstituzionalean ere luzatu zen; hortaz, Estatuak saldu nahi izan duen «trantsizio eredugarria», polizia eta epaile garbiketarik gabeko trantsizio hori, ez da bateragarria errealitate harekin. Ez da harritzekoa egileak bere liburua idazteko eraikin beldurgarri hartako ziegak ezin bisitatu izana; hala ere, soto ilun haietan eta lehen solairuan egiten zituzten torturak kontatzen ditu, euskal herritar askori ezagun gertatuko zaizkionak, hainbatek bertan jasan zituztelako: «Madrilgo Puerta del Solen Gabon Zaharra ospatzen zen bitartean, aldamenean preso politikoak torturatzen zituzten». Ondoren TOP zelakoan epaituko zituzten, 1977an Auzitegi Nazional izendatu zuten hartan. Joxe Arregi zizurkildarrak ez zuen horretarako aukerarik izan, ordea.

Estatu espainolak badu Memoria Legea, baina hutsune eta egiteko asko ere bai. Joan den astean Gasteizko Udalak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroari Urrezko Domina eman zion, Martxoaren 3ko biktimak eta Estatuaren beste biktima asko baztertzen dituen zentroari, hain zuzen. Memoria Osoa plataformak «bizikidetzaren aurkako eraso» gisa salatu zuen. Izan ere, erakundeek nekez eutsiko diote denen memoriari, DGSan eta beste hainbat lekutan izandako izugarrikeriak onartu eta horiek jasan zituztenak erreparatu gabe.